Urumea gertutik ezagutzeko bisitaldi gidatuak eskainiko ditu Haritzaldek
25. urteurrena ospatzen ari da Haritzalde Naturzaleen Elkartea, eta ekainerako hainbat jarduera antolatu ditu. Besteak beste, Urumea Bizi erakusketa egongo da ikusgai Cristina Enean. Bertan, Ramon Arambarriren irudiak egongo dira ikusgai. “Ibaia daraman ura baino askoz gehiago ere bada. Guk arro osoa aldarrikatu nahi dugu eta erakusketak Urumearen altzoan topa daitekeen basabizitzaren zertzelada ederrak eskaintzen dizkigu”, azaldu dute antolatzaileak.
Bestalde, abuztura arte hilabetero bisita gidatuak eskainiko dituzte Urumean barrena.
Egitaraua
Ekainak 7, asteazkena. Naturzaleon II Argazki Lehiaketaren sari-banaketa. 19:00etan Craj!-Gaztegunean (Anoeta 28, 1. Donostia). Irabazleak zein izan diren azalduko dute.
Ekainak 9, ostirala. Igeldoko igeltxoa ezagutu nahi? Gaueko irteera Hyla meridionalis eta haren bizilagunak ezagutzeko Xabier Rubioren eskutik. Hitzordua 22:00etan izango da. Izena emateko naturzale@haritzalde.org helbidera idatzi behar da izen abizenak eta telefono zenbakiak adieraziz.
Ekainaren 17-18an Urumea gertutik ezagutzen izeneko bisitaldi gidatuak egingo dituzte, oinez eta uretatik, traineruz, Natura eta kirola uztartuz.