Donostiako Udalak beste 47 eraikin babesteko proposamena egin du
Katalogatuta dauden eraikinentzako baimenak urtebetez eten dituzte
Hasierako onarpena eman dio Donostiako Udalak EHOBPB edo Donostiako Eraikitako Hiri Ondarea Babesteko Plangintza Bereziaren aldaketari. Udalak bultzatu du moldaketa, eta beste 47 eraikin babestea proposatu du -Groseko hainbat eraikin daude horien artean-. Era berean, hiriko beste sei elementuren gaineko aldaketak eta zuzenketak jasotzen ditu plangintzak.
Onarpenaren ondorioz, katalogaturiko eraikinentzako baimenak urtebeteko epean gehienez, bertan behera geratuko dira. Hau da, eraikin horien gaineko onarpenak, baimenak eta lizentziak. Tartean da, iazko uztailean Ondarretako Hiri Lorategiarentzat emandakoa.
Tokiko Gobernu Batzordeak onartu duen dokumentuak 87 elementu banaka aztertu, identifikatu eta baloratu ditu. Hain zuzen ere, 2009ko martxoaren 6an Plangintza Bereziaren hasierako onarpenetik kanpoak geratu ziren aipaturiko elementuak. Horiek berriz ere aztertu dira balio historiko, arkitektoniko eta kulturalak kontuan hartuta. Azterketa ostean, 47 elementu katalogoan sartzeko proposamena egin dute.



