Film labur sozial eta solidarioen emanaldia egingo dute Zuloaga plazan
'Ilargi azpian: Mundu zabala, errealitate anitz' lemapean eskainiko dituzte, bihar gauean
Gai sozialei eta solidarioei buruzko 16 film labur proiektatuko dituzte, bihar, Donostiako Zuloaga plazan. Ilargi azpian: Mundu zabala, errealitate anitz lemapean egingo duten kaleko zinema emanaldi berezia da, Euskadiko Garapenerako GKEen Koordinakundeak antolatuta.
Oihulari Klown taldeak emango dio hasiera gauari, 21:00etan. Animazio dibertigarri bat eskainiko dute, plazara hurbiltzen direnei esertzera gonbidatzeko. Eguzkia ezkutatu ondoren eta plazako argiak erabat itzaltzen direnean, proiekzioei ekingo zaie. Aurkezpena Aizpea Goenaga eta Telmo Irureta aktoreek egingo dute.
Mundu zabala, errealitate anitz sentsibilizazio-jardunaldiaren 15. ekitaldia da. Munduko hainbat errealitate ekartzen ditu urtero Donostiara, zenbait formatutan, Gipuzkoako gizarteak nazioartean lankidetzan jarduten duten erakundeek egiten duten lanaren berri izan dezan, eta pobrezia eta desberdintasunak sortzen dituzten arrazoiak erakusteko.
Programari dagokionez, hona hemen eskainiko dituzten 16 film laburrak:
- Las tiritas no curan la pobreza
- El negocio de la guerra
- Derecho al boikot
- Migrar no es delito
- Palestina. La que esta cayendo
- Soy periodista, soy periodista
- Afectadas por represas en lucha
- Mujeres de luz
- TTIP 2035 Odisea para las mujeres
- Azokak
- Las chicas dulces
- Cooperacion o muerte
- Ama Lurra
- Saretuz: Donostiako kontsumo arduratsua, kontziente eta eraldatzaile sarea
- Haziak
- 6 ariketa TTIParen aurka