Plaza Haundirako auzotarrek egindako proposamena jarri dute auzoan. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Plaza Haundi berritzeko gogoa dute Egiako bizilagunek. Sinadura bilketa bat egin zuten iaz, eta udalak partaidetza prozesu bat abian jartzea lortu dute. Orain, adostasunera iritsi nahian dabiltza.
Bilera egin zuen udalak auzotarrekin, joan den asteartean. Proiektu irabazlearen berri eman zien teknikari batek bileran bildutakoei, baina bizilagunak ez ziren gustura geratu aurkeztutakoarekin, eta aldaketak proposatuko dituzte. Horrela azaldu dio Egia Bizirik auzo elkarteko Lola Calvok IRUTXULOKO HITZAri: «Teknikariak esan digu proiektuak ez bagaitu konbentzitzen, ez dela egingo. Orain azkar ibili behar dugu aldaketak proposatzeko. Ea auzoaren gustuko plaza bat egin dezakegun».
Gaiaren inguruko erreportajea argitaratuko dugu ostiraleko astekarian.