Donostiarrak bere hiru traineruak aurkeztu ditu
Kaiarriba-Donostiarra arraun- elkarteak 2017 denboraldian uretan izango dituen hiru traineruen aurkezpena du Pasealeku Berrian, Oteizaren eskulturaren aurrealdean.
Aurkezpenarekin hasi aurretik, zenbait omenaldi egin ziren. Lehenik, eta klubak bere lehen 10 urteak betetzen dituela gogoratuz, hamar urteotan etenik gabe Donostiarran arraunean aritu diren lau arraunlarien leialtasuna eta esfortzua saritu nahi izan da opari xume batez. Arraunlari horiek, donostiarrak eta etxekoak laurak: Aitor Aranegi, Jon Sardon, Niko Yurramendi eta Telmo Yurramendi.
Jarraian, Parte Zaharreko Kresala elkarteari omenaldia egin zitzaion, aurten 50 urte bete dituela eta. Elkarteei egindako omenaldia zabalduz, klubari ekarpen berezia egiten dioten elkarteetako ordezkariak hurbildu dira hurrena. Ekarpen bereziaren truke elkartearen izena agertzen da arraunetan, eta argazkia egin dute arraun horiek eskuan dituztela.
Ondoren, Donostiarrak 2017an uretan izango dituen hiru tripulazioetako neska-mutilak plazaratu ziren. Hiru izango baitira traineruak: gizonezkoen A eta B traineruekin batera (KAE-1 eta KAE-2 ligetan arituko dira), emakumezkoan trainerua izango du aurten Donostiarrak lehen aldiz. Hiru traineru guztira, beraz.
Lan talde teknikoaren aurkezpena ere egin dute. Guztien buru Joserra Mendizabal kirol-zuzendaria eta, harekin batera, besteak beste Igor Makazaga (gizonezkoak A), Garikoitz Azkue (gizonezkoak B) eta Borja Mena (emakumezkoak) entrenatzaileak, Patxi Aranzabal medikua eta Eugenio Rodriguez prestatzaile fisikoa.