Frontoi berria estreinatu dute Añorgakoek
Añorgako frontoia berritu dutela ospatu dute gaur auzotarrek. Aspalditik ari ziren frontoia berritzeko eskatzen, hainbat hobekuntza egiteko. Besteak beste, estalki bat gehitu nahi zioten eraikinari. Azkenean, obra egin dute, eta egun osoko egitarau batekin ospatu dute.
Donostia Kirolak eta Añorga Kultur eta Kirol Elkarteak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuten 2015eko maiatzean, pilotalekuaren berritze lanak egin ahal izateko. Añorgako frontoia 1949an inauguratu zuten, eta aurretik, 1926an sortutakoa ordezkatu zuen. Pilotalekuaren berezitasun nagusia bere estalkia da, zuzena izan beharrean, onda forma baitu.