Gazteei zuzenduriko MartxUp 2017 egitasmoa jarri dute abian
18 eta 30 urte arteko donostiarren ideiak, erronkak eta proiektuak bultzatzea du helburu
Edukhazi talde kooperatiboko kideak azaldu duenez, proiektuen zirriborroak MartxUp egitasmoaren webgunearen bidez aurkeztu behar dira, ekainaren 14tik 30era bitartean. “Gure inguruan badira interesa agertu duten gazteak, eta ea proiektuak aurkezten dituzten”, adierazi du Muruak. Donostiako edozein gune edo auzorentzako proiektuak izan daitezke, alorra ere librea da, eta ez dira onartuko bartertzaile eta diskriminatzaileak direnak.
Proiektuen aukeraketa tribunal batek egingo du, uztailaren 12tik 21era bitartean. Edukhazi jardueraren dinamizatzaileak eta Donostiako Udaleko Gazteria saileko teknikariek osatzen dute aipaturiko tribunala. Hautaketarako, ondorengo oinarriak kontuan izango dituzte: bideragarritasuna, originaltasuna eta zehazte maila.
Behin proiektuak aukeratuta, ekintza plana egingo da eta sareak osatzen joango dira proiektua abian jartzeko. Behin betiko proiektua, azkenik, azaroan aurkeztuko dute.
MartxUp 2017, ideia gazteak martxan! parte-hartze prozesua abian da, Donostiako Udaleko Tokiko Gobernu Batzordeak oinarriak onartu ondoren. Egitasmoak hainbat helburu ditu. Batetik, gazteen sormena eta berrikuntza sustatzea eta hiriko eragile-aktibo eta sortzaile bezala laguntza eskaintzea. Bestetik, hiriko bizitza aktiboan gazteen parte-hartzea bultzatzea. “Horrelako egitasmoak antolatzea ezinbestekoa da gazteen eta udalaren arteko sareak indartzeko” azpimarratu du Eneko Goia alkateak.
Deialdia 18 eta 30 urte bitarteko gazteei zuzendurikoa da. Jarrera aktiboa, parte-hartzailea eta eraikitzailea duten gazteei ideia eta proiektak abian jartzeko deialdia luzatu diete. Xabi Murua