Koldo Almandoz, Andres Daniel Sainz eta Iñigo Royo donostiarren lanak hautatu dituzte Kimuak katalogorako
Kimuak film laburren 20. katalogoan banatuko diren film laburrak aukeratu dituzte. Guztira zazpi lan bilduko ditu katalogoak, 51 proposamenen artetik hautatutakoak. Hiru donostiarren lanak izango dira horien artean: Koldo Almandozen Plagan film labur dokumentala, Andres Daniel Sainzen For The Good Times komedia melodramatikoa eta Iñigo Royok Iñigo Fernandez Ostolazarekin batera egin duen Ab balio fikzioa.
Almandozek Kimuakek lehen katalogoan parte hartu zuen Razielen itzulera lanarekin, eta geroztik hainbat film labur egin ditu. Plagan filmean oso hedatua dagoen izurri baten gainean hausnartuko du, plaga honen kalte eta eragina kameraren atzetik behatuz.
Iñigo Royo donostiarrak Iñigo Fernandezekin batera zuzendu du Ab balio. Ignasi Aballiren Listados collagean oinarritzen da: maitasuna, heriotza eta eulien inguruan ardaztu dute fikziozko istorio hau. Royok ere, Almandozek bezala, Kimuaken lehen katalogoetan parte hartu zuen, 1999an eta 2000an, hurrenez hurren. Lehen aldiz lan egin du Fernandez komunikazio eta publizitate adituarekin batera.
Andres Daniel Sainz donostiarrak euskal aktore ezagunak elkartu ditu For The Good Times film laburrean: Klara Badiola, Ramon Agirre, Iñaki Rikarte, Itziar Ituño, Aitor Beltran eta Miren Gaztañaga, besteak beste. “Patriarkaren urtebetetze egunean, semeetako batek armairutik irtetea erabaki du, senitartekoen tolerantzia probatuz. Afaltzera biltzen direnean, ordea, sorpresa gehiago ekarriko ditu”.
David P. Sañudoren Aprieta pero raramente ahoga, Raul de La Fuenteren La Fiebre del Oro, Begoña Vicarioren Areka eta Irati Gorostidi eta Arantza Santestebanen Euritan izan dira hautatu dituzten beste lau lanak.