Maria Jose Cantudo izango da aurtengo Beldurrezko Astearen musa
Maria Jose Cantudo antzezle espainiarra izango da aurtengo 28. Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Asteko (urriaren 28tik azaroaren 3ra) protagonista eta musa. 40 urtetik gorako ibilbide profesionala egin du Cantudok, telebistan, zineman eta antzerkian. Era guztietako generoetan egin du lan, besteak beste, beldurrezkoan.
Banpiroz mozorrotuta ageri da kartelean, eta bere ondoan, Crepusculo sagako beste bi banpiro agertzen dira hilik. El espanto surge de la tumba (Carlos Aured, 1973) izan zen bere lehen lanetako bat. Ondoren, Las alegres vampiras de Vogel (Julio Perez Tabernero, 1975) egin zuen, eta Paul Naschyrekin batera garaiko beldurrezko zinemako film garrantzitsuenetako batean parte hartu zuen, El huerto del Frances (1977) filmean.
Karteleko argazkia Pedro Usabiaga argazkilari donostiarrak egin du, eta Ytantos-ek egin du diseinua.
Kartela aurkezteaz gain, aurtengo Beldurrezko Asteak ekarriko duen egitarauaren aurrerapen bat egin zuen jaialdiak. Emakume zinemagileen erasoa izeneko zikloa prestatuko dute, azken urteotan emakumezko zinemagileen beldurrezko zinemaren generoari nolako astindua eman dioten erakusteko. Izan ere, tradizioz gizonezkoek sinatu dituzte film gehienak.
Mila garrasi gauean erakusketak 1970eko Espainiako beldurrezko zineman lan egin zuten antzezleak hobeto ezaguzteko aukera emango du. Okendo kultur etxean garaiko filmeen irudiak, aktoreen erretratuak eta promoziorako irudiak erakutsiko dituzte. Generoaren urrezko aro honetako aktoreak izan ziren Agata Lys, Soledad Miranda, Ewa Aulin, Maria Perschy, Espartaco Santoni eta Maria Jose Cantudo bera.