Eneko Goia alkateari eskatu diote garraio ereduaren inguruko prozesu partehartzaile bat abian jartzeko
Sinadurak Donostiako Udaletxean aurkeztu dituzte. (Argazkia: Inaxio Esnaola)
Satorralaia bizilagunen mugimenduak metro igarobidearen aurkako
8.916 donostiarren sinadurak aurkeztu dituzte Donostiako Udaletxean. Era berean,
Eneko Goia alkateari idatzi bat aurkeztu diote hiriak behar duen garraio ereduaren inguruko prozesu partehartzaile bat abiatu dezan. Hau da, metroaren inguruko galdeketa bat egitea eskatu diote.
Arantza Zubizarreta Satorralaiako kideak irakurri du alkateari zuzendutako idatzia. “Udaletxeak ezin du ezjakinarena egin metroaren igarobidearen aferak hiriko herritarren artean sortzen duen ezinegonaren eta desadostasun sozial nabariaren aurrean. Ezta ere, Gipuzkoak Foru Aldundiak berriki egindako inkestan metroaren azpiegiturak jaso duen balorazio ezkorraren aurrean”.
Iazko otsailaren 9an Eneko Goia alkatearekin bildu zen Satorralaia bizilagunen mugimendua. Metro igarobidearen auzian herritarren partaidetzarako bideak ireki eta herri galdeketa bat egiteko konpromisoa eskatu zioten udalari. “Afera horretan udalak ez duela inongo eskumenik erantzun zigun alkateak”, azaldu du Zubizarretak. Halere, herritarren partaidetzarako bideak irekitze aldera, Eusko Jaurlaritzari eskaera helaraziko ziola hitzeman zien. “Baina erakundeei egin dizkiegun eskaera guztiak paperontzira joan dira”.
Metro igarobidea “indarrez” ezin dela “inposatu” adierazi du Zubizarretak. “Salatzen dugu onartezina dela eraikuntza lanak nola esleitu dituen Euskal Gobernuak, proiektuak Kostako baimenik izan gabe eta Ingurumen Inpaktuaren Adierazpenaren inguruan EAEko Auzitegi Nagusiak eman behar duen epaia itxoin gabe”.
Satorralaiak jarduera berriak iragarri ditu, hilabete honetarako:
- Ekainak 17. Antiguako Matia kalean Kalejira erreibindikatiboa (Metroaren aurkako kantak eta bertsoak…) eta informazio banaketa egingo da, 12:00etan elizaren ondotik hasita.
- Ekainak 20. Asanblada, 20:00etan Antiguako Sert plazan.
- Ekainak 21. Hitzaldi informatiboa Bidebietan, Satorralaia eta Dbus-eko “Kurpil” langileen elkartearen eskutik.