La Caixa Gizarte Ekintzako Kaleko Artea programaren barruan aurkeztu dute; uztailaren 19tik abuztuaren 29ra arte bisitatzeko aukera egongo da.
Sebastião Salgado. Genesia. Kaleko artea erakusketa aurkeztu dute gaur Kultura zinegotzi Miren Azkaratek eta CaixaBankek Gipuzkoan duen erakunde zuzendari Gaxpar Guembek.
Formatu handiko 38 argazki egongo dira ikusgai, uztailaren 19tik abuztuaren 29ra, Zurriola pasealekuan.
Kaleko Artea programa barruan dago erakusketa. Horren bidez, aire zabaleko museo bihurtu nahi du Caixa Gizarte Ekintzak Donostia, bai eta nazioarteko artista ospetsuen lanak hurbildu ere. “Eginkizun bat betetzen dute eskulturek gizartean:
denok jakinduria bereganatu eta integratzeko tresnak dira, eta horixe da, hain suertez, Caixa Gizarte Ekintzak kulturan duen helburu nagusia”, azaldu dute.
1944an jaio zen Salgado, Minas Gerais-en (Brasil), eta Ekonomia ikasi zuen arren, 29 urte bete zituenetik, argazkigintzara guztiz emana dago. Sygma eta Gamma agentzietan lan egin ondoren, 1979an Magnum Photosera aldatu zen, 1994. urtea arte, urte horretan Amazonas Images agentzia eratu baitzuen Lelia Wanick Salgadorekin, Salgadoren lana baino jorratzen ez duen agentzia. UNICEFen enbaxadore berezia izendatu zuten 2001ean. Jaso dituen sari ugarien artean, Arteen Asturias Printzea Saria eskuratu zuen 1998an.