'San Juan' baleontziaren inguruko liburua argitaratu dute
San Juan itsasontzia Pasaian eraiki zuten, XVI. mendean, 1560 inguruan. Munduko urpeko ondare izendatu zuen UNESCO etxeak, eta, adituen arabera, Euskal Herriko itsas historiaren handiasunaren froga da. Orain, Euskal Herria itsastarra. San Juan baleontzitik izenburupean, haren inguruko liburu bat argitaratu dute: “Itsasoari begira bizi zen Euskal Herria ezagutarazi nahi du”.
Donostia 2016 egitasmoaren baitan, baleontzi haren erreplika bat eraikitzen hasi ziren San Pedron; oraindik ere lanean dabiltza, eta bisitatzeko aukera dago. Hain zuzen, Albaola Itsas Kultur Faktoria ari dira itsasontzia sortzeko lanean.
Bihar goizean aurkeztuko dute liburua, Parte Zaharreko Elkar megadendan. Aurkezpenean egongo dira Albaolako presidente Xabier Agote, Albaolako ikerketa saileko zuzendari Xabier Alberdi eta editore lana egin duen Antxiñe Mendizabal.