Udazkenean hasiko da Urrezko Danborra aukeratzeko prozesua
Saritua aukeratzeko azken bozketa abenduan egingo da
Bozeramaileen Batzordeak aho batez onartu du Urrezko Danborra aukeratzeko prozesu berria. Udazkenean hasiko da eta saritua aukeratzeko azken bozketa abenduan egingo da. Eneko Goia alkateak jakinarazi duenez, udal taldeek aurreko bilera adostutako prozedura berretsi dute. Era berean, talde guztiei eskertu die izandako jarrera, gaiari buruz hitz egiteko, aukera ezberdinak aztertzeko eta akordioa lortzeko.
Urrezko Danborra aukeratzeko ardura Donostia Turismotik udalera pasako da. Zehazki, Bozeramaileen Batzordera. Horretarako, prozedura bat adostu dute udal talde guztiek. Hiritarrek izango dira protagonistak, eta sariak berak eskatzen zuen hiritar izaera izango du.
2018ko Urrezko Danborra hautatzeko prozesua udazkenean hasiko da. Une horretan hiritarrek hautagaiak aurkeztu ahal izango dituzte. Berrikuntza nagusia da, hautagaiak aurkezteko epea aurreratu egingo dela. Horrela, balorazioa eta azken bozketan izango diren hautagaien aukeraketa egiteko denbora egongo da hiritarren azken bozketa abenduan zehar egin ahal izateko.
Behin hautagaiak aurkezteko epea amaituta, udaleko teknikariek hautagai horien guztien espedientea egingo dute eta Bozeramaileen Batzordeari bidaliko diote. Bozeramaileen Batzordeak hiru eta bost hautagai aukeratuko ditu eta hiritarrek horien artean bozkatuko dute. Azkenik, horien artetik aterako da 2018ko Urrezko Danborra.
Goiak udaletik abian jarri duten lanketa azaldu du: “Hasi gara prozesuak behar duen logistika eta mekanika informatikoa prestatzen. Gure nahia da parte-hartze handia egotea eta, horretarako, hiritarrei azken bozketa erraztu nahi diegu. Asmoa da hiritarrek gailu elektronikoen bidez bozkatu ahal izatea. Hala ere, kultur etxeetan edota udalaren beste hainbat instalazioetan ere bozkatu ahal izango da”.