Paxkal Irigoyen eta Kontsumo orkestra, zuzenean.
Unai Pelayo musikari eta eragileak egitasmo berria jarri du abian.
Balio dute izenpean lehen kontzertua egingo du igande honetan, Doka antzokian. Oholtza gainean, Paxkal Irigoyen eta Kontsumo orkestra eta Reitx bakarlaria ariko dira 19:30etik aurrera.
«Egitasmoaren aurkezpena izango da, baina ez du izaera hori izango. Berezitasuna musikariek jarriko dute», dio Pelayok. Horrela ere, abentura berri baten hasiera da berarentzat. «Buruan nuen horrelako zerbait sortzea antolatzen nituen kontzertuei ikusgarritasuna emateko».Gaur egun, izen eta logo bat izateak jendearengana iristea errazten duela uste du.
Igandekoari begira, zuzenean ariko diren musikarien xehetasunak eman ditu Pelayok. «Raitx abeslari donostiarra da. Koban taldeko kidea ere bada. Otsailean Le Bukowski aretoan egin genuen Bakarrik Hobeto Fest jaialdirako gonbidatu genuen, eta asko gustatu zitzaigun».
Paxkal Irigoyen, berriz, Nafarroa Behereko musikaria da. «Larrabetzuko Sortuko Dira Besteak kontzertuetan elkarrekin aritu ginen, eta agertokia berak bakarrik betetzeko gaitasunak liluratu ninduen», azaldu Pelayok. Kontsumo orkestra bandarekin batera diskoa argitaratu du, eta beste zortzi musikarirekin batera aurkeztuko du Dokan.
Aurrera begira, kontzertuak antolatzeko eta musika ekoizpenak babesteko asmoa du Pelayok.