Duela 40 urte zabaldu zuten Haizearen Orrazia, Eduardo Txillidaren artelanek eta Luis Gantxegi arkitektoaren plazak betetzen duten gunea; inaugurazio ekitaldia 2007an egin zuten, 30. urtebetetzea ospatuz.

Eskulturak jartzeko zubi bat eraiki zuten. (Argazkia: Jesus Uriarte)
Nor ez da joan Haizearen Orrazira olatuekin eta lurreko zuloetatik ateratzen diren haize eta ur ufadekin jolastera? Bada, jakin, jada 40 urte bete dituela Eduardo Txillidaren obrak, Haizearen Orrazia XV dela berezko izena, eta Eduardo Txillida izeneko pasealekuaren bukaeran dagoela.
Eskultura multzoa da Haizearen Orrazia, bere osotasunean obra erraldoi bat osatzen duena. Hain zuzen, altzairuzko hiru atalek osatzen dute, eta hiruen artean inguratzen dute Luis Peña Gantxegi arkitektoak diseinatu zuen plaza. Donostian bisitatu beharreko leku horietako bat da, obraz gain, eskaintzen duen ikuspegiagatik. Zerbaitegatik da hiriaren ikur nagusietakoa.
Askotan deitzen diote herritarrek Haizeen Orrazia edo, gazteleraz, El Peine de los Vientos. Zuzentasunari jarraiki, ordea, haizea kontagarria ez denez, ez da erabili beharreko izena, haize asko ezin baitira egon. Eskulturek orrazten duten haizea izan daiteke freskoa, fina, bortitza, euriarekin edo itsasoko urarekin nahastutakoa, hego haizea… baina azken finean, haizea. Serie baten parte da Ondarretako punta janzten duen eskultura multzoa. 1952an hasi zen Txillida serie hortan lanean, eta 1999 arte 23 eskultura eta paper gaineko hainbat obra egin zituen: «25 urte behar izan nituen diseinuarekin asmatzeko, 1952ko lehen orrazitik hasi eta 1977ko Donostiako orrazira iritsi arte», aipatu zuen elkarrizketa batean Txillidak.

(Argazkia: Kutxateka)
Pentsa daiteke Txillidaren eskultura bakoitzak pisu handia duela, baina zenbat, ordea? hamar tona, hamar tonako pisua du irudi bakoitzak. Beraz, pieza bakoitza bere lekuan jartzea ez zen lan erraza izan, noski. Txillidak, lotsagabe, helikopteroak eskatu zizkion nori eta Ameriketako Estatu Batuetako enbaxada militarrari. Helikoptero haiek, ordea, ez ziren halako pisua garraiatzeko gai; beraz, hiriko ingeniariek hartu zuten muntaketaren ardura, Jose Mari Elosegi buru zutela. Ez zen nolanaiko lana izan arroketan artelanak jartzea, eta hainbat aukera pentsatu ostean, itsasoaren gainetik altxatzen zen zubi bat eraiki zuten azkenean. Muntaketaren berri zehatza eman du Añorgako Museum Cemento Rezolak, urrira arte zabalik izango duen erakusketan: Ikono baten eraikuntza. Prozesu osoa jaso dute: 1968an herritar talde batek Txillidari omenaldi bat egitea bultzatu zuenetik irekiera artekoa. Erakusketan ikus daitezke dokumentuak, planoak, argazkiak eta jatorrizko zirriborroak.
1977ko irailean bukatu zuten obra, eta orduko alkate Fernando Otazu eta beste lagun gutxi batzuk hurbildu ziren gunera. Inaugurazio ofizialik, ordea, ez zuten egin . Horrela, 2007ko irailean, 30. urtemugaren harira, ekitaldi bat egin zuten, aurretik izan ez zuen irekiera gisa. Odon Elorza zen orduan Donostiako alkatea, eta esan zuen hiriak behar zituela «magia zuten txokoak», horrela izateko «elkarbizitza, maitasuna, samurtasuna eta askatasuna».