Apiriletik ekainera bitarte hainbat emakume aritu dira palak eragiten, ‘Emakumeak piraguan’ egitasmoaren barruan. Helburua da ondo pasatzea, autonomia lantzea eta taldeak sortzea.

Hainbat lagun Kontxako hondartzatik Santa Klara uhartera irteteko prest. (Argazkia: Hitza)
Palak astinduz joan ziren ekainaren 17an 40 emakume Santa Klara uhartera. Apiriletik ekainera arte piragua ikastaroa egin ostean, ikasitakoa praktikatu eta giro ederrean pasa zuten eguna.
Ez da halako zerbait egiten duten lehen aldia; badaude antzeko beste jarduera batzuk ere. “Badira bi edo hiru urte Emakumeak pilotan, Emakumeak surflari eta Emakumeak piraguan egitasmoekin hasi ginela”, azaldu du Maider Fernandez Gipuzkoako Piraguako Federazioko zuzendari teknikoak. Piraguari dagokionez ere hainbat jarduera egin izan dituzte:?”Emakumezkoak piraguan ibiltzera animatzeko jarduerak ere egin izan ohi ditugu lehenago, baina oso bakanak izan dira”. Aurten, ordea, surfeko eta esku pilotako jarduerek edukitako arrakasta ikusita zerbait «handiagoa» egitea pentsatu zuten.
EMAKetik, emakumezkoen kirola sustatzen duen talde feministatik, sortu dira aurrez aipatutako egitasmo eta jarduera gehienak. Fernandezek aipatu du Emakumeak piraguan egitasmoak emakumeak piraguan aritzera animatzeaz gain beste zenbait helburu ere badituela:?”Ondo pasatzea, uretara bakarrik sartzeko autonomia garatzea, eta aurrerantzean ere piraguan ibili ahal izateko lagun taldea sortzea”.
Fernandez oso pozik dago lortutakoarekin: “Lagun talde oso politak sortu dira eta parte hartzaileak gustura geratu direla uste dut”. Horren adibide da ikastaroarekin bukatzeko ekainaren 17an Santa Klara uhartera egin zuten txangoa. “Ikastaroa oso giro onean pasa genuen eta bukaera polit bat eman nahi genion”. Txangoan parte hartzeko 40 lagunek eman zezaketen izena eta plaza guztiak bete ziren: “Hondartzan jokoak egin genituen, gero uhartera joan ginen piraguan eta, bertan, orientazioa egin genuen Patri Espinarrekin”. Parte hartzaileen artean maila ezberdina zuen jendea zegoela azaldu du Fernandezek: “Konturatu ginen halako jarduerak antolatzean beti jende berdinak hartzen genuela parte eta zabaldu nahi genuen, horretarako Emakumeen Etxeko ahalduntze taldeko kideei ere esan genien”. Hala ere, aitortu du uhartera egin zuten irteeran dena eman zutela: “Bukatzea espero genuen ordua baino ordubete lehenago bukatu genituen jarduerak”. Lortutako emaitzarekin pozik daude eta horrelako bideak urratzen jarraitu nahi dute.
Ikastaroa eraginkorra izateko horrelako jarduerak egitea garrantzitsua iruditzen zaio Fernandezi. Horregatik, uhartera egindako txangoaz gain hainbat jaitsiera ere egin zituzten: “Bi jaitsiera egin ditugu, bata Bidasoan, eta, bestea, Irunberrin”. Azaldu du logistika aldetik lan gehiago eskatzen dutela baina merezi duela.
Udara uretan
Fernandezek uste du piraguan ere, gainerako kiroletan bezala, orokorrean, emakume gutxiago aritzen direla: “Lizentziadunen artean emakumeak soilik %20 edo %30 dira». Gainera, Fernandezek dio klubetan emakumeak egon arren, gutxik lehiatzen dutela, «nahiz eta lehiatzen dutenen artean maila oso ona dagoen Gipuzkoan”.
Hala ere, emakumezkoak piraguara, eta oro har, beste kiroletara gerturatzeko lanean jarraitu nahi dute, eta, horregatik, udaran ere hainbat ikastaro egingo dituzte. “Udaran ere jarraitu nahi dugu ikastaroak egiten baina gutako batzuk kanpoan daude eta oraindik ez dakigu nola moldatuko garen”.
Halako jarduerak antolatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak diru laguntzak eskaintzen dituela azaldu du Fernandezek eta beraiek federazioaren bitartez antolatzen dituzte. “Aurrera begira maila ezberdinetako ikastaroak antolatu nahiko genituzke; batzuk uretara sartzeari beldurra galdu eta autonomia lortzeko; eta, beste batzuk, gehiago perfekzionatzeko”.
Bestalde, udararako hainbat ikastaro dagoeneko martxan daudela azaldu du Fernandezek eta piraguan aritzera animatzeko deia egin du: “Jendea animatu nahiko nuke; aukera asko eskaintzen dituen kirola da eta merezi du saiatzeak”.