Proactiva Open Arms erakundearen salbamendu talde batean parte hartu du Igone Mariezkurrenak. Europarako bidea egiteko itsasoa zeharkatzen duten errefuxiatuak laguntzen aritu da.

Igone Mariezkurrena. (Argazkia: Lide Ferreira)
Lanbidez kazetaria bada ere, esperientzia berri batean murgildu da Igone Mariezkurrena (Pasai Donibane-Antigua, 1985). Izan ere, Proactiva Open Arms-ek antolatzen duen salbamendu talde batean parte hartu du. Euren herrialdeetatik ihes egin eta Europarako bidea egiten duten errefuxiatuei laguntza eskaintzea du helburu erakundeak. «Ziurra den heriotza batetik salbatu ditugu», nabarmendu du Mariezkurrenak.
Nolatan animatu zinen Proactiva Open Arms-en proiektuan parte hartzera?
Urte hasieran joan nintzen Chiosera Zaporeak proiektuarekin. Ondoren, bertako partaide batzuek eman ziguten Proactiva Open Arms-en berri. Haiek sukaldari lanetan iaioak dira, eta ibiliak ziren salbamendu misiotan. Bada, hurrengo misiorako sukaldari batek huts egin ziela esan zuten, eta norbaiten bila zenbiltzan, lehenbailehen hasteko. Ez nuen bitan pentsatu eta izena eman nuen.
Zenbat lagunek parte hartzen dute misio horietan?
Guztira, 18-20 lagun inguru joaten dira: misio buru bat, erreskate ontziari lotuta doazen beste bi ontzitxoen bi arduradun, patroi bat, bi sorosle, ontziaren bizkarrean dabiltzan bi polibalente, sukaldari bat, bi kazetari, mediku eta erizain bana eta ezaguna den norbait, hedapen mediatikoa lortzeko. Esan bezala, sukaldari gisa parte hartu dut. Zirrikitu moduko bat izan da esperientzia bizitzeko; izan ere, kazetari joateko ilara luzea omen dago.
Nondik eta zenbatero irteten da salbamendu ontzia?
Astral ontziarekin hasi zen Proactiva Open Arms misioak egiten. Orain,
Golfo Azzurro, arrantza ontzi izandako bat egokitu da lanean jarraitzeko. Ontzi hori Maltako kaian dago, eta 15 egunero abiatzen da itsasoruntz. Libiako uretan ezin da sartu, baina muga horren inguruan ibiltzen da.
Hain zuzen ere, Libia da, egun, Europarako irteera, herrialde erabat kaotikoa delako. Gadafi boteretik kendu zutenetik, Europaren txotxongilo den gobernu bat jarri zuten, baina ez da batere eraginkorra. Eremuka dago gobernatuta Libia, bakoitzak milizia bat du eta kaos bat da. Horregatik bihurtu da Europarako ate berria.
Nola aurkitzen dituzue errefuxiatuak?
Behin Maltatik aterata, itsaso zabalean sartu eta paterak iristeko zain egoten gara. Kasu batzuetan, betaurrekoan zehar begira edo radarraren bidez aurkitzen ditugu.
Gehienetan, mafiek kudeatzen dituzte patera horiek. Kalbario bat izaten da errefuxiatuentzat itsasoraino iristea, eta, gainera, buruko, 500 eta 1.000 dolar inguru ordaindu behar izaten dizkiete mafiei. Sardinak izango bailiran ontziratzen dituzte, batere seguruetan ez diren ontzietan: plastikozkoak edo egurrezkoak. Jartzen diete litro erregai kopuru bat, bost ordurako gutxi gorabehera, eta hori bukatzen denean gelditzen dira itsaso zabalean. Normalean, ematen diete telefono zenbaki bat Italiako kostazainei deitzeko. Horiek guri pasatzen digute kokapena, eta horrela aurkitzen ditugu batzuk. Baina denekin ez da hori gertatzen; ziur asko egongo dira Libiatik atera eta galtzen diren paterak.
Zein izaten da ondorengo prozedura?
Ontziak berak dituen bi ontzitxo horiekin hurbiltzea izaten da hurrengo urratsa. Maniobra oso arriskutsua izaten da, errefuxiatuen ontziak, oso ezegonkorrak direlako. Gainera, 100 eta 500 lagun inguru egon daitezke patera bakoitzean. Jendea urduri jartzen bada, eta behar baino gehiago mugituz gero, gertatu izan da hondoratzea.
Segurtasuna bermatzeko, salba-jantziak banatzen dituzte, eta ontzitxoetan sartzen dira errefuxiatuak. Horrela, hogeinakako bidaiak egiten dira ontzi handira. Orduak eman ditzakegu horretan, ontzi bakarra ez delako aurkitzen.
Errefuxiatuak ontzi handira eramatean, zer egiten duzue?
Sukaldari lana, nire kasuan, bigarren mailan geratzen da. Salba-jantziak kendu eta arropa lehorra ematen diegu. Behar badute, medikuarengana eramaten ditugu. Emakumeak eta gizonak bereizten ditugu, emakume gehienak bortxatuak iristen direlako. Zenbatu eta zenbakitzen ditugu, eta bakoitzaren informazioa jasotzen dugu: adina, bakarrik edo familiarekin iritsi den, senitarteko bat bidean galdu duen edo ez…
Nongoak dira aurkitu dituzuen errefuxiatuak?
Denetik dago: Siria, Bangladesh, Sahara, Nigeria, Ghana, Kamerun, Senegal, Eritrea… Orokorrean, jende gaztea izaten da, baina helduak eta familiak ere badaude.
Istorio gogor ugari entzungo zenituen.
Hala da, eta guztiek hunkitu naute. Inork ez du nahi bere etxetik, bere herritik, ihes egin nahi. Adibidez, Eritreako neska gazte bat familiarekin iritsi zen salbamendu ontzira. Susmoa zeukan haurdun zegoela. Kontatu zidan Eritreatik Libiara bidean, Sudan gurutzatzen ari zirela, kontrol batean, Sudango militarrek euren autobusa geldiarazi zutela. Dirua eskatu zieten, baina jada ez zuten dirurik, eta zuten guztia eman zieten. Horrekin nahikoa ez, eta zazpi bat emakume autobusetik jaitsiarazi eta errepidean bertan bortxatu zituzten, senarren aurrean. Neska horrek uste zuen haurdunaldia bortxaketa horren ondorioa zela, eta negarrez esaten zidan berak ez zuela ume hori nahi.
Esperientzia honek ikuspegia aldarazi dizu?
Pentsatzen dugu urruti gertatzen den zerbait dela eta gurekin ez duela zerikusirik. Baina hori ez da egia. Zerikusi zuzena du gurekin, gure herrialdeekin, gure bizitzeko moduarekin, beste herrialdeekin dugun merkatu harremanarekin… Konektatzea eragozten digun gauzetako bat da distantzia hori, eraikitzen dugun distantzia interesatu bat.
Hara joan eta ikusi, entzun, ikutu, usaindu dudan arte, ez naiz benetan kontziente izan. Muturrekoak izan dira sentipen guztiak, oso gordinak. Denak eman dit informazioa eta horrela lortu dut gaia gertuago sentitzea.
Zer egin dezakete gizarteak eta erakundeek?
Gobernuz kanpoko erakundeek egiten duten lana adabaki bat da. Gainezka egiten ari den zerbaiti tirita bat jartzea bezalakoa da. Benetan arazoa estrukturala da eta konponbideak ere estrukturala izan beharko luke. Horretarako, nik neuk erakundeengan konfiantza osoa galdu dut. Ez dut uste ezer egingo dutenik, laugarren mailako hiritartzat dituzte. Itotzen dira eta ez da ezer gertatzen, ez du inork kontatzen. Nire ustez, zerbait aldatuko bada, gizarte zibilagarentik izango da.
Iruditzen zait guztiaren oinarrian merkatu interesak daudela. Gutako bakoitzak gure bizitzeko modua aldatuko bagenu, desberdin bizitzen saiatuko bagina, beste modu batean harremantzen, kontsumitzen… beharbada, hasiko litzateke zerbait dardaraka.
Gustatuko litzaizuke esperientzia errepikatzea?
Bai, zalantzarik gabe. Eskifaiako kide batek esan zidan bezala, itsasoan ezkutatzeko zuhaitzik ez dago; orduan, han gertatzen den guztia oso egiazkoa da, eta hori asko gustatu zait.