Sebastiao Salgadoren argazki bat Zurriola pasealekuan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Sebastiao Salgado argazkilari brasildarrak zortzi urte eman ditu mundu osoan naturaren edertasuna esploratzen. Orain, bidaia horietan guztietan irudikatutakoa erakutsi du Donostian, Zurriola pasealekuan.
2012. urtera arte, Salgadok mundu zabaleko lurralde birjina ugari korritu zituen 32 bidaiatan: Antartika, Madagaskar, Botswana, Kafueko Parke Nazionala (Zambia), Colorado (Ameriketako Estatu Batuak), Alaska, Galapagos uharteak (Ekuador),Siberia eta Amazoniako oihana, besteak beste.
Erakusketak zuri-beltzeko 38 argazki erakusten ditu. Mundu modernoaren eraginetik ihes egiteko gauza izan diren paisaiak, animaliak eta pertsonak agertzen ditu, eskualde polarretan, tropikoetako baso eta sabanetan, basamortu kiskalgarrietan, glaziarren mendean dauden mendietan eta uharte bakartietan bizi direnak.
Gaur inauguratu dute erakusketa, eta abuztuaren 29a arte izango da ikusgai. Sebastiao Salgadoren lana hobeto ulertzeko bisita gidatuak egingo dituzte: larunbatetan, 18:00etan eta igandeetan, 12:00etan. Ez da beharrezkoa aurretik erreserba egitea.