Hamairu urtez festak antolatu gabe gelditu ostean, Antxeta elkarteak auzoko jaiak berreskuratu ditu aurten, bere 50. urteurrena ospatzeko. Ekitaldiz beteriko egitarauak Jazzaldiko kontzertuak ere hartuko ditu.
Antxeta elkarteko kideak (Argazkia: Iñaki Agirre)
Gaur 19:00etan entzungo den txupinazoak 2004ko udarari jasoko dio lekukoa Sagueseko auzoan. 1950. urtean lehen aldiz ospatu ziren jai herrikoi hauek jendetsuak izan ohi ziren bere garaian, baina «denborarekin indarra galdu eta desagertzera iritsi ziren duela hamairu urte». Hala gogoratzen du Antxeta elkarteko lehendakariordeak,?Ander Anzak. Gaur, bere elkartearen eskutik, auzoko jaiak bueltan dira Saguesen jarduerez beteriko egitarau batekin.
Aurreko asteko Zipotz jaiei amaiera ona eman ondoren, Sagueseko bizilagunak jaietan murgilduko dira berriz gaurtik asteartera bitarte. Gaueroko kontzertuez gain, trikipoteoak, bote eta toka txapelketak, patata tortilla lehiaketa, herri krossa eta beste ekitaldi askotaz gozatu ahalko dituzte.Txikienenek ere parte hartu ahal izango dute festan, erraldoiekin, haurrentzako ikuskizunekin eta zezen suzkoekin.
Gainera, aurten 52. Jazzaldiarekin bat egiten dutenez, Sagueseko jaiek Monpaseko agertokian eskeiniko diren musika festibalaren hiru kontzertu barneratu dituzte festa egitarauan.
Auzo erronka handia
Antolakuntza lanak ondo joan direla pozik esaten duen arren, Anzak berak onartzen du hainbeste urtean zehar festak ospatu gabe egon ondoren, dezente kostatu dela jaiak berriro antolatzea. Edozein kasutan, auzokide guztientzat pentsatutako egitaraua aurrera ateratzea lortu dute azkenean, apustua handia zela lehenagotik bazekiten ere.
Auzo identitatea lehen bezelakoa ez dela dio Anzak, orain Sagues «gehien bat surflarientzako eta turistentzako auzo gisa ikusten baita askotan». Zentzu horretan, jaiak berreskuratzeak auzotarren partaidetza berpiztea gustatuko litzaioke, erronka zaila iruditzen bazaio ere. Horri begira garrantzitsuena jaiak urtero errepikatzea izango litzatekeela dio, baina horretarako gazteen laguntza ezinbestekoa dela uste du.
Antxetaren 50. urteurrena
Jaiak berriz antolatzearekin batera, Antxeta Elkarteak Sagueseko auzoaren historia jasoko duen liburu baten argitalpenarekin ospatuko du bere 50. urteurrena. Donostiaren sorreratik abiatuta, Juanjo Perez idazleak Uliapeko auzoaren eboluzioa irudikatu du liburu honetan. Elkarteko eta auzoko kideen bizipenak eta istorioak jaso ditu horretarako, aspaldiko argazki sorta zabal batekin batera.
Auzoko ibilbidea perspektiba luze batekin azaltzeaz gain, Antxeta Elkartearen eta gaur berriz ospatuko diren jaien historia ere bildu du idazleak. Anzaren hitzetan, liburua irakurriko dutenek «gaur egungo Antxeta lehen ukuilu bat zela» eta «gaur egun Nestor Basterretxearen Bakearen Usoa dagoen lekuan aspaldian zaborrez eta arratoiez beteriko zabalgune bat zegoela» deskubritu ahal izango dute, besteak beste. Antxeta 50 aniversario izenburupean argitaratu dute liburua, eta elkartean bertan egongo da salgai, 20 euroan.