Oriamendiko eremua.
Donostiak karabana eta autokarabanentzako kanpina izango du Oriamendi eremuan. Udaleko Gobernu Batzordeak onartu du plan berezia, eta datorren urterako abian izatea aurreikusten dute.
Goiaztxiki bidean egongo da kanpina, Oriamendi mintegien lursailetan, eta golf zelaitik gertu. Ekimen pribatukoa izango da, eta dagokion ingurumen azterlan estrategikoa bukatzean hasiko dira eraikitzen.
Aire zabaleko 132 partzela izango ditu. Partzela horiek landare bidez berezikiko dituzte, erabiltzaileen pribatutasuna bermatzeko. Partzela bakoitzak, eremu asfaltatua izango du karabana edo autokarabana uzteko, eta lorategi itxurako eremua, mahaia eta eserlekuak jartzeko. Ibilgailuentzako bide asfaltatuak eta partzela handiak izango ditu.
Horrez gain, bigarren kategoriako kanpina izanik, hainbat instalazio izango ditu. Hala nola, harrera-gunea, komunak eta dutxak, botikina eta lehen sorospenerako gela, gauza baliotsuak gordetzeko gunea, arropa-garbilekuak eta harraskak, supermerkatua, taberna eta aisiarako gela bat.