Bizikletak Kontxako barandan. (Argazkia: Nerea Lizarralde)
Kalapie Hiriko Txirrindularien Elkarteak bizikletak kalean lotzeko araudia gogoratu nahi izan du ohar baten bidez, azken asteetan Donostiako udaltzainek jarritako isunen harira txirrindulari askoren kexak jaso baititu.
Oharrak dioenez, bizikletarentzako “aparkalekurik ez badago edo toki guztiak hartuta badaude, beste toki batzuetan (barandak, txorkoak, seinaleak, eta abar) aparkatu ahal izango da, baldin eta bizikletek ez badituzte horiek hondatzen, eta ez badute oinezkoen zein ibilgailuen zirkulazioa oztopatzen”. Edozein kasutan txirrinda zuhaitzen enborrei lotzea debekatuta dagoela gogorarazi nahi izan dute.
Hala ere, noizbehinka lekuz kanpo loturik egon daitezkeen arren, hiria bizikletaz beterik egotea “desohore” bat izatetik urrun, “hiri moderno eta ez hain kutsatu” baten irudi dela diote ere elkartetik. Zentzu horretan, Donostia “europar hiri handien antza” hartzen ari dela adierazi dute.
Ohar berean, bizikleten erabileraren inguruko zenbait eskakizun helarazi dizkio Kalapiek Donostiako Udalari, besteak beste, bizikletentzako aparkaleku gehiagoren sorrera exijituz. Hona hemen txirrindularien kexei erantzuna emateko proposatu dituzten neurriak:
- Galtzada berean, ibilgailu pribatuentzako aparkalekuen ordez bizikletentzako aparkalekuak jartzea (auto 1 = 10 bizikleta).
- Bizikletentzako berariazko aparkaleku estali berriak sortzea edo bizikletentzako aparkaleku publikoetan espazioak egokitzea.
- Bizikleta abandonatuak aparkalekuetatik kentzea.
- Bizikletentzako aparkaleku mugikorrak erabiltzea ekitaldi jendetsu guztietan:
- Real Sociedadek jokatzen dituen partidak
- Ekitaldi publikoak (Zinemaldia, Jazzaldia,…)
- Beste batzuk (Aste Nagusia, azokak, Donosticup,…)