Santa Teresa komentuko espazioa Orixe ikastolari emateko sinadura bilketa abiatu dute
Badira bi urte inguru Orixe ikastolako guraso elkarteak Santa Teresa Komentuko espazioa erabiltzeko proposamena egin zuela. Guraso elkartearen ustez Orixe Ikastolako haurrek ez dute behar adina leku oraingo instalazioetan. Azken egunetan, aldiz, Santa Teresako eraikuntza, Barrabés izeneko enpresak diseinu akademia baterako erabiliko dutela salatu dute.
“Hezkuntza eta heziketara zuzendutako eraikuntza honen erabilera auzoko ikastetxe bati utzi eta erraztu beharrean, Madrilen dagoen enpresa pribatu batek egingo du espazio horien erabilera, diseinu akademia edo programa bat dela eta. Gerta ezin zitekeena gertatu da”, azaldu dute. Guraso elkarteko kideek diote ez doazela gertatzen ari dena onartzera: “Orixeko haurrek espazio duin eta segurua behar dute! Gaizki hasi dena ez goaz okerrago amaitzera! Espazioa Orixeri orain!”.
Hori dela eta, sinadura bilketa abiatu dute, eta Miren Azkarateri eta Eusko Jaurlaritzari helarazi nahi diete.