Donostiako Piratak: "Jaurlaritzak ez du adostasun batera iristeko borondaterik izan"
Festak antolatu ahal izateko 14.300 euro ordaintzera behartu dituzte
Eusko Jaurlaritzak bidali zien azken mezuak “hitz egin beharreko guztia hitz eginda zegoela” esaten zuen. Donostiako Piratek, ordea, azken egunetan Jaurlaritzarekin akordio batera iritsi direla irakurri dute zenbait komunikabideetan. Egoera honen aurrean, Bulebarreko kioskoan eskaini duten prentsaurreko batean, agintari politikoek adostasun batera irisiko inolako borondaterik izan ez dutela argitu nahi izan dute Piratek.
Duela egun batzuk Aste Nagusia antolatzeko bete beharreko baldintzak helarazi zizkieten Jaurlaritzatik. Baldintza horien artean, tasa moduan ordaindu beharreko 14.300 euro kalkulatu dituzte Piratek. Iaz, festak antolatzeagatik jada 21.500 euro ordaindu behar izan zituztela igarri dute. Kopurua urte batetik bestera murriztu egin dela onartzen badute ere, honek herri mugimendu batentzako “beldurgarria” izaten jarraitzen duela diote, eta beraiek proposatutakoarekin inolako antzarik ez duela gehitu dute.
Jaurlaritzatik Piratak “diruz gainezka” dabiltzala uste dutela adierazi dute ere kolektiboko kideek, beraien iritziz “ulertezina” baita bestela ordainarazi nahi dieten kopurua. Hori salatzeko, aberats modura mozorroturik agertu dira prentsaurrekora, “diru gosez eta poltsikoak betetzeko asmoz” jokatzen duen enpresa bat izango balira bezala tratatu dituztela salatzeko.
Beraiek “mundu guztiarentzako irekiak diren jai herrikoiak” antolatzen dituen mugimendu batek “xentimo bat ere” ordaindu behar ez lukeela uste dute, ordea. “Tasa izugarriak” eta “burokrazioa itogarriak” ezarri ordez, administrazioak “erraztasunak” eman beharko lizkiekela adierazi dute.
15 urte daramatzate Donostiako Piratek “auzolanarekin jai herrikoi eta partehartzaileak antolatzen”. Oztopoak, ordea, urtez urte errepikatzen direla jakinarazi dute, ordainarazten dizikieten tasak urte batetik bestera arrastaka eramatera behartzen dituztelarik. Egoera horrek behingoz amaitu egin behar duela adierazi dute kolektibotik.
Zailtasun horiek Piratak “kaletik eta kaitik” kanpo uzteko helburu garbia dutela salatu dute, agintari batzuek “enpresen mesedetara” egongo litzatekeen kaia nahiagoko luketela argudiatuz. Edozein kasutan, “ahal den moduan eta edozein modutara”, Piratek kalean jarraituko dutela argi utzi nahi izan dute: “ekimenez, kontzertuz, alaitasunez eta ilusioz betetako bederatzi egun ditugu orain aurretik.”


