51 lagun atxilotu dituzte Aste Nagusian
Guztira 466 delitu jaso dituzte Udaltzaingoak eta Ertzaintzak aurtengo Aste Nagusian, iaz baino %20 gutxiago eta 51 lagun atxilotu dituzte. Udaltzaingoak eta Ertzaintzak elkarrekin egindako txostenean eman dute datuen berri.
Delituen artean nabarmenenak lapurretak izan direla azaldu dute, guztira 359; iaz 430 izan ziren. Ibilgailuetan egindako lapurretak ere jaitsi egin dira, lau izan dira aurten, eta 11 iaz. Bizikleten kasuan ere behera egin dute lapurretek, lau aurten eta 19 iaz. Motoen lapurretarik aldiz ez dela egon azaldu dute.
Txostenak eraso sexista bakarra jasotzen du. Azaldu dute Ertzaintzak dagoeneko epailearen esku utzi duela salaketa horren inguruko ikerketa. Bestelako erasoak 14 izan dira, pasa den urtean baino zortzi gutxiago.
Hala ere, mehatxu bidez egindako lapurretek gora egin dutela azaldu dute; iaz 19 izan ziren eta aurten 24.
Guztira 51 lagun atxilotu dituzte segurtasun indarrek, 26 Ertzaintzak eta 25 udaltzaingoak, eta horietatik 7 inputatuak izan dira.