(Argazkia: Basque Team)
Miren Lazkano piraguismoko C-1ean garailea izan berri da Europa mailan, slalonean, 23 urtetik beherako mailan. Donostiako Atletiko klubeko kidea da Lazkano, eta Alemanian jokatutako txapelketan izan da irabazlea, Hohenlimburg-en. Lazkanoren denbora 119.09koa izan zen. Horrela, atzean utzi zituen Austriako Viktoria Wolffhardt (121.29) eta Nadie Weratschnig (122.41). Alemaniatik bueltan, ongietorria egin zioten Atletikoko kideek, Kontxako instalazioetan, joan den astean.
Hamar urterekin hasi zen piraguismoan Lazkano, udako ikastaro batean, bere anaiarekin batera. Laster erakutsi zituen bere abileziak, eta, 2012an, 14 urte zituela, teknifikazio gunean sartu zen. Orduan Aritz Fernandezekin hasi zen entrenatzen; urte hartan bertan Espainiako junior mailako taldean sartzea lortu zuen, eta bere nazioarteko lehen domina lortu zuen. 2014an sartu zen absolutu mailako taldean.