Giza katea iragartzeko agerraldia. (Argazkia: Usurbileginez.com)
Giza katea egingo dute irailaren 10ean 11:30etan Kontxako hondartzan, Donostia Bizirik Elkarteak, Errausketaren Aurkako Mugimenduak eta Erraustegiaren aurkako koordinadorak deituta. Mobilizazioa
Gipuzkoa bizirik osasunaren alde! Errausketarik ez! lelopean egingo dute.
Azaldu dute aurten egoera berri baten aurrean daudela, izan ere, hasi dira Zubietako erraustegia eraikitzeko lanak: “Hala ere gure borrokak darrai, ez dugu etsitzeko asmorik eta gertatzen dena gertatzen dela ere, hiri hondakinen errausketaren aurka jarraituko dugu”.
Ohartarazi dute ezin dela ahaztu erraustegia hainbat “gezur handitan” oinarritua dagoela: “Lehenengoa erraustegiaren beraren beharra da; 2007tik 2015era bitartean gipuzkoarren zabortegietara bidaltzen duten zaborra %45a gutxitu da, beherakada hau urtez urte etenik gabekoa izan delarik. Kasualitatez 2016an ez da jaitsierarik gertatu 2015arekiko. Egungo Gipuzkoako agintarien interesa garbi ikusten da”.
Alternatibak badaudela azaldu dute, eta, horregatik, uste dute erraustegia ez dela beharrezkoa: “Guretzat eta ondorengoentzat osasuna nahi dugu!“.