Euskal Jaiek kirol eta kultur jarduera askorekin bustiko dute hiria
Iraileko lehen bi asteak garrantzitsuak dira Donostiako festen egitarauan. Kontxako estropadarekin batera, Euskal Jaiak ospatzen dira. Atzo hasi ziren eta hilaren 10era bitarte kirol eta kultur jarduerak ez dira faltako.
Euskal Jaietako proposamen zerrenda luzea da. Gaur, esaterako, Esku Harriak: Oteizaren (h)aria ikuskizuna eskainiko du MugMus laborategiak San Telmo Museoko klaustroan, 19:00etatik aurrera.
Sagardo Egunaren txanda izango da bihar, hilak 2, Gipuzkoako Sagardogileen eskutik. 11:00etatik 13:45era bitartean sagardoa dastatu ahal izango da Konstituzio plazan. Bestelako jardueren artetik Bagerak antolaturiko euskal erromeria da nabarmentzekoa. Donostia dantzan jarriko dute Konstituzio plazan, 19:00etan.
Igandean, berriz, arrauna izango da protagonista emakumeen eta gizonen Kontxako estropadekin, 11:00etatik aurrera. Aurrez, goiza txistulari eta trikitilariek girotuko dute. Arratsaldean, berriz, Dantza Sueltoko txapelketa izango da Konstituzio plazan 18:00etan.
Hurrengo astelehenetik igandera ere askotariko jarduerak izango dira Donostian. Besteak beste, Donostialdeko maila desberdinetako esku-pilota txapelketa Trinitate plazan, eta Poesia Orduak hilaren 4an eta 5ean Viktoria Eugenia Antzokiko Klub aretoan.


