Arraun Lagunakeko emakumeak, sailkatze estropada jokatu ostean. (Argazkia: Malen Aldalur)
Iritsi da arraun munduko egun handietako bat. Gaur egongo da jokoan Kontxako Banderaren lehen jardunaldia. Emakumeen zortzi ontzi batetik, eta gizonezkoen zortzi, bestetik.
11:00etan hasiko dira emakumeen estropadak; lehen txandan ariko dira Donostiarra, Hibaika, Orio eta Mecos; bigarren txandan, berriz, Hernani, Deustu, Arraun Lagunak eta San Juan. Horrela bada, lehen aldiz, Donostiako emakumezkoen bi traineru ariko dira Kontxako Banderaren lehian.
Gizonezkoei dagokienez, 12:00etan hasiko dute norgehiagoka. Lehen txandan: Kaiku, Orio, San Juan eta Zierbena izango dira nor baino nor. Bigarren txandan, aldiz, Bermeo-Urdaibai, Tiran, Hondarribia eta Donostiarra.
Eszenatoki ezin hobea da Kontxakoa, eta behin lehiatzeko txartela lortuta, talde guztiek erakutsi nahiko dute euren alderdirik onena. Ikusleek ziur ez dute hutsik egingo, eta gaurkoan ere kaleak kolorez jantziko dituzte. Zorte on denei!