#Euskaldunízate kanpaina abiatu dute donostiarrak euskaraz ikastera animatzeko
Udalak eta hiriko euskaltegi eta zentro homologatuek #euskadunízate kanpaiana abiatu dute donostiarrak euskara ikastera animatzeko asmoz. Aurten ere aurreko urteko lelo berberari eutsi diote kanpainak duen helbururako “oso egokia” dela argudiatuta.
Hiriko autobusak izango dira publizitate kanpaina egiteko euskarri garrantzitsuenak eta horrez gain, sare sozialen bitartez #euskaldunizate traola erabiliko dute. Euskaltegi eta zentro homologatuen ordezkariek adierazi dutenez, “asmo garbia dugu, Donostia euskalduntzea elkarlanean. Gero eta euskaldunagoa den hirian oraindik euskara ez dakiten donostiarrak euskarara hurbildu nahi ditugu”.
Euskara ikasi edota maila hobetu nahi dutenek hirian euskaltegi sare garrantzitsua (AEK, Bai&By, Hitzez, Ilazki, Legazpi 6, Mondragon Lingua, Urrats eta Urumea) izateaz gain, ikasleen beharretara egokitutako eskaintza aurkituko dutela azaldu dute. “Euskaltegiek, batetik, ohiko aurrez aurreko ikastaroak eskaintzen dituzte euskaltegian bertan eta astean lau, sei, zortzi edota hamar orduko eskolak jaso daitezke. Bestetik, euskara azkarrago ikasi nahi dutenentzat ikastaro trinkoak eskaintzen dituzte (astean hogei edota hogeita bost ordukoak)”. Bestalde, azaldu dute euskaltegira joateko zailtasunak dituztenek, berriz, Internet bidezko autoikaskuntza ikastaroak dituztela aukeran. Gainera, xede bereziko taldeentzako egokitutako ikastaro berezituak ere badaude, hau da, guraso, merkatari, ostalari, enpresetako langile edota etorkinentzat antolatzen direnak.
Donostiarren euskalduntzean laguntzeko udalak 341.463 euro bideratuko ditu 2017-2018 ikasturtean.

