Maider Fernandez donostiarrak irabazi du Ikusmira Berriak saria
Lan hau Tabakalera Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroko eta Donostia Zinemaldiko kideek aukeratu zuten Ikusmira Berriak sailerako, 19 herrialdetatik bidalitako 157 proposamenen artean. Orain, saria eman diote. Ikusmira Berriak programak 20.000 euroko laguntza ekonomikoa banatuko du hautatutako proiektuen artean. Gainera, REC Grabaketa Estudioak, sari moduan, film luze bat egiteko postprodukzio-zerbitzuak eskainiko ditu, 35.000 euroko balioarekin.
Iaz, Maider Fernandez Iriartek Las Chicas de Pasaik kolektiboko kide gisa parte hartu zuen jaialdian, Gure Hormek film laburra estreinatu zuen Zabaltegi-Tabakalera sailean.
Ikusmira Berriak programak berrikuntzaren eta hizkuntza berrien alde egiten duten talentu berriak nahiz ekoizleak eta ikus-entzunezko industriak inplikatu nahi ditu. Tabakalerak eta Donostia Zinemaldiak antolatzen dute, REC Grabaketa Estudioaren eta Euskadiko Filmategiaren laguntzarekin, eta Donostia 2016 Europako Kultur Hiriburuaren legatuaren parte da.
Maider Fernandez Iriartek (Donostia, 1988) eskuratu du 65. Donostiako Zinemaldiko Ikusmira Berriak saria. Jainkoarekiko maitasunari eta gizon aske baten hitzari buruzko film bat aurkeztu du: Las letras de Jordi. Gizon hori, Jordi, duela 51 urte jaio zen, garuneko paralisiarekin.