NODE kultur elkarteak eta Convent Gardenek proiektu berri bat sortu dute elkarlanean: LABO. Ez ohiko kultura proposamenak eskaintzea dute helburu.

Jaiotz Osa sortzaile eta koreografoa, LABO proiektuaren aurkezpenean, Convent Gardeneko espazio batean. (Argazkia: Angie Luna)
Convent Gardenek tokiko kulturaz gozatzeko espazio bat eskaini nahi du. Antzinako komentu batean du egoitza (Erdialdeko Manterola kalean dago sarreretako bat), eta ostatu batez gain, hainbat gune ditu eraikinak. NODE kultur elkartea, berriz, eduki eszeniko eta performatiboak sortu eta espazio artistiko berrien bila aritzen den plataforma bat da. «Kultura eskaintza publiko bat dago, baina obra txiki eta ertain askok ez dute lekurik egitarau horietako. Bestelako espazioak behar dituzte ezagutzera emateko», nabarmendu du NODEko Ion Estalek.
Horren harira, Convent Garden ezagutu zuen NODEk duela hilabete batzuk. «Cronopia lana sortu eta estreinatzeko espazioen bila hasi ginenean Convent Gardeneko Anders Denne eta Leire Jaimerekin jarri ginen harremanetan. Proiektua aurkeztu genien eta izugarri gustatu zitzaien. Antzezlan bat bertan egiten zuten lehenengoa aldia zen; beraz, denontzako erronka bilakatu zen. Obra ez ezik, egonaldi artistikoa ere bertan egin genuen», azaldu du NODEko Ana Barrantesek.
Esperientzia hori abiapuntu izan zen egun eskuartean duten proiektua sortzeko. «Horrelako espazioak aurkitzeko zailtasunak ikusita eta Convent Gardenek erakutsi zuen harrera baikorraren ondorioz, elkarlan bat proposatu genien: LABO (NODE Lab Garden, proposamen eszenikoen laborategia). Arte eszenikoak, esperimentalak eta performatiboak aurkezteko leku izatea nahi du proiektuak, «espazio ireki berri bat sortzea».
Benneren hitzetan, beti argi eduki dute ostatua izateaz gain, eraikinak berak dituen espazio bereziak –adibidez, kripta bat dago eta bertan kontzertuak egiten dituzte– erabili nahi zituztela eta edukiak sortzen dituen eragileekin elkarlanean aritu nahi zutela: «Eraikina bizitzaz beteko dugu horrela. Musikarekin zerikusia duten ekitaldiak egiten ditugu, baina, NODEren laguntzarekin, gure espazioek arte eszenikoen sektorea ere bultzatuko dute».
Suediakoa da Benne, eta bere gurasoak kulturzale amorratuak direla dio: «5-6 urte nituenean, eramaten ninduten jazz kontzertuetara, museoetara, instalazio abstraktuetara… Hainbeste jaso nuen kultura hori, urte hauetan guztietan ez dudala ezer jakin nahi izan horren inguruan. Baina LABO txerto moduko bat izan da; orain ulertzen dut jendeari, eta nire gurasoei, zergatik gustatzen zaizkien hainbeste arte eszenikoak!».
Hortaz, LABO proiektuari esker, hilabetean behin, komunikazioa, lenguaia eta mugimendua duen edozein lan eskainiko dute Convent Gardeneko espazioren batean. «Hemen gertatzen denak hiru kontzeptu izango ditu: mugimendua, espazioa eta gorputza: esarerako, dantza, antzerkia, performancea, bideo sormenak, instalazioak… Beti berritzaileak, garaikideak eta ez-ohikoak izango dira proposamenak», zehaztu du Barrantesek. Lehenengoa irailan egin zuten, Jaiotz Osa sortzaile eta koreografoak Suddenly obra aurkeztu zuen, eta harrera oso ona izan zela adierazi dute antolatzaileek.
Sorkuntza prozesuak
Gainera, NODEkoei beti gustatu izan zaie sorkuntza prozesuak ere erakustea: «Liluragarria iruditzen zaigu ikustea zer gertatzen den sortzen den bitartean». Hori erakusteko, beraz, egingo dituzte tailerrak, entsegu publikoak, foroak eta bestelakoak. Horrekin lotuta, egonaldi artistikoen ideia ere badute: «Asmoa izango litzateke Convent Gardeneko espazioak sortu eta estreinatzeko erabiltzea. Espero dugu datorren urtean abian jartzea», esan du Estalak.
Gipuzkoako Foru Aldundiak bultzatutako Dantzagunearen babesa du LABO proiektuak. Estalak hala azaldu du: «Eurek laguntza eskaintzen digute alderdi logistiko eta teknikoei dagokienez, eta edukian ere bere ekarpena egiten ari dira. Adibidez, Dantzagunean egonaldi artistikoan dauden sortzaileen lanak LABOren bidez erakutsiko dira, Convent Gardenen».