Badator Kresala Zineklubaren denboraldi berria
Urriaren 9an emango dio hasiera Kresala Zineklubak denboraldi berriari, Trueba zinema aretoetan. The Nutty Professor (Jerry Lewis, 1963) filma aukeratu dute horretarako. Duela hilabete batzuk zendu zen Jerry Lewis aktore eta zuzendariari omenaldia egingo diote antolatzaileek. Fernando Mikelajauregi Kresalako kide ohia izango da aurkezlea. Emanaldi guztiak bezala, 19:30ean hasiko da.
Hilaren 23an, berriz, Night Of The Living Dead (George A. Romero, 1968) pelikula eskainiko dute, Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28. Astearekin elkarlanean.
Azarorako hiru emanaldi iragarri dituzte. Hilaren 6an, Las Lagrimas de Africa (Amparo Climent, 2015) dokumentala eskainiko dute. Zuzendaria bera Trueban izango lana aurkezteko. Azaroaren 13an, bizikleta ardatz duten lanekin saio bikoitza egingo dute. Hombre electrico (Alvaro Muñoz Rodriguez, 2016) film laburra eta Les triplettes de Belleville (Sylvain Chomet, 2003) animaziozko filma eskainiko dituzte. Donostiako Kalapie elkartearekin elkarlanean antolatu dute.
Azkenik, azaroaren 30ean beste saio bikoitz bat egingo dute. Aqui Es Posible, Comunicacion S.L. (Blanca Zaragüeta, Joseba Huegun, 2016) film laburra eta Girl Asleep (Rosemary Myers, 2015) komedia australiarra emango dituzte. Blanca Zaragüeta eta Joseba Huegun zuzendariak eta Enrike Amilibia aktorea izango dira emanaldian.


