Zapi hezeen ondorioak
Loiolako araztegira iristen diren hiru ur biltzaile nagusietako bat oztopatu du hondakinen pilaketa batek. Añarbeko Urak erakundeko arduradunak arazoari irtenbidea emateko lanetan dabiltza.
Donostiako saneamendu sistemak tamaina handiko traba batekin egin du topo. Zapi hezeen pilaketa batek Loiolako araztegira iristen den ur biltzaile nagusietako bat oztopatu du. Hain zuzen ere, araztegitik bost metrora sortu da traba. Duela hiru aste hasi ziren garbiketa lanak egiten, eta uste baino zailagoa izaten ari da arazoa konpontzea. Horrela, denbora beharko dute hodia berriz ere abian jartzeko.
Ur zikinak hiru saneamendu hodi nagusiren bidez jasotzen dituzte Loiolako araztegian. Donostiakoa da bat, Santa Katalina izenekoa. Bigarrena, Herrera araztegia da Oarsoaldetik datorrena. Hirugarren eta azkena, Urumea bailarakoa da Usurbil eta Lasarte-Oriako hondakinekin batera bideratzen dituena. «Trabatu dena, Herrerakoa da», azaldu du Añarbeko Urak erakundeak.
Lehen aldia da ur biltzaile nagusi batean horrelako pilaketa sortzen dela. Aurretik, ordea, saneamendu sareko beste hainbat hodietan eta ponpatze makinetan sortu izan dira horrelako oztopoak. «Etxebizitzetako ur biltzaileetan gertatzen ari dira gero eta gehiago», azpimarratu dute. Arazo horri aurre egiteko kamioi bereziak erabiltzen ditu Añarbeko Urak erakundeak.
Azken urteetako joera
Hodi handi zein txikietan errepikatzen ari den arazoa da zapi hezeek sortzen dutena. Merkatuan gisa horretako produktuak ugaritu dira, eta zapien erabilerak gora egin duen maila berean oztopo gehiago sortu dira saneamendu sisteman.
Azpiegitura aldetik hobera egin arren, irtenbide nagusia zapi hezeak komunetik behera ez botatzea dela uste du Añarbeko Urak erakundeak. «Ponpatze makinen berrikuntzei esker dagoeneko makinak ez dira trabatzen. Ordea, arazoa aurrerago bidaltzen dute, eta hori da oraingoan gertatu dena. Komunetan, etxebizitzetako ur biltzaileetan, herriko estolderian eta hodi nagusietan zapi hezeak botatzen jarraitzen badugu arazoak bere horretan jarraituko du».
Saneamenduari esker
Orain dela 25 urte Donostiako eta Pasaiako badiako urak ur biltzaile batzuen bidez jasotzen ziren, eta horiek araztegi batetik pasa gabe isurtzen ziren itsasora. Hori dela eta, duela 20 urte Añarbe inguruko saneamendu sistema jarri zuten sisteman. Horri esker, ur zikinen tratamenduak pauso sendoak eman ditu azken urteetan.
Sistemaren eraginkortasuna bermatzeko hainbat inbertsio egin ditu urte hauetan guztietan Añarbeko Urak erakundeak. «315.000 euroko inbertsioa egin dugu azpiegitura desberdinak eraikitzeko. Tartean dira, Loiolako araztegia, Monpasetik itsaso barrura doan ur azpiko hodia, eta ur biltzaile nagusiak», azaldu dute.
Garrantzitsua eta ezinbestekoa izan zen azpiegiturak sortzea Donostia eta inguruetatik zein Pasaiako badiatik hondakin urak ekartzeko. Azpiegitura horiei esker, Monpastik isurtzen diren araztegiko urek ingurumenean eragiten duten kaltea nabarmen jaitsi da azken urteetan.
Añarbeko Urak erakundeak lanean jarraitzen du saneamendu sistema hobetzeko. Europatik datorren araudia ere gero eta zorrotzagoa da. Itsaso eta ibaietara isurtzen diren araztutako uren kopurua murrizteko eskatu dute. Horretarako, Loiolako araztegia handitzeko asmoa dute.
«Soilik gure gorputzeko hondakinak eta papera bota behar dira»
Joxean Erzilla; Añarbeko Urak erakundeko kudeatzailea
Zer gertatu da?
Zapi heze multzo handi bat pilatu da gure ur biltzaile nagusietako batean. Komunetik behera botatzen diren zapi hezeak batuz joan dira hodian, traba izugarria sortu arte. Zapiek araztegirako bidean oztopo bat topatzen badute, hodi zatietan biltzen eta pilatzen hasten dira. Komunetik zapi hezeez gain botatzen diren janarien soberakinek eta olioek pilaketa horiek sortzen laguntzen dute. Modu horretan sortu da pilaketa. Dena dela, esan behar da arazo hau mundu mailakoa dela, ez soilik Donostiakoa. Azkenaldian pilaketen arrazoi nagusia zapi hezeak dira.
Noiz jarri ahal izango duzue berriz ere abian ur biltzailea?
Ez da erantzun erraza. Pilaketaren zati handiena dagoeneko kendu dugu. Ordea, langileak garbitzen ari diren heinean traba eta arrasto gehiago topatzen ari dira. Ur biltzailea osorik begiratzeko asmoa dugu, eta behin inspekzioak bukatzean, abian jarri ahal izango dugu.
Bitartean ur zikinak itsasora bideratu beharrean zaudete, ezta?
Bai, eta arazoaren galera garrantzitsuena da. Trabatu den hodiaren garbiketak egiteko ur zikinak araztu gabe desbideratu behar izan ditugu. Horrela, 25 urte egin dugu atzera. Orduan, ur zikinak zuzenean itsasora botatzen ziren. Arazoak bigarren kostu bat ere badu; langileena. Pilaketa kentzeko zapiak eskuarekin banaka kentzen ari dira, ilunpetan eta baldintza zailetan. Lan garrantzitsu hori ordaindu egin behar da.
Komunetik zer bota behar ez den badakigu?
Argi geratu da oraindik jendeak ez dakiela. Dena dela, herritarrak ez dira arazoaren errudun bakarrak. Erakundeen eta marka komertzialek ere ez dute batere argi nola jokatu behar den. Marka askok etiketen bidez diote produktu batzuk bota daitezkeela, baina ez da horrela. Zapi heze bat ezin da komunetik behera bota, hori argi utzi behar zaio jendeari. Bestalde, erakundeek lan-taldeak sortu dituzte arazoari irtenbidea emateko.
Informazio kanpaina propioa merezi du zapi hezeen erabilerak?
Pasa den urtetik badugu kanpaina bat abian, Ez elikatu munstroa lelopean. Euskal?Herriko uraren alorreko instituzio nagusiek, Uraren?Euskal?Agentziak eta kontsortzio askok bultzatu genuen. Lanean ari gara kanpaina horren bidez ere esanez zapi hezeak zaborretara bota behar direla, eta ez komunetik behera.
Herritarrei zein mezu heleraziko zenieke?
Soilik gure gorputzeko hondakinak eta papera bota behar dira komunetik behera. Mezu hori da zabaldu nahi dudana. Olioak, janarien soberakinak, zapi hezeak, medikamentuak eta bestelakoak zaborretara bota behar dira.