Uliako Lore Baratzak taldeko kideak pozik agertu dira auzitegiaren ebazpenarekin.
(Argazkia: Uliako Lore Baratzak)
Uliako Lore Baratzak lan taldeak jakinarazi duenez, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak Uliako parkearen inguruko ebazpena kaleratu du. Ebazpen horretan, bertan behera utzi du eremu horretan 70 etxebizitza eraikitzeko Donostiako Udalak hartutako erabakia: “Gaurkoa egun pozgarria da Uliako auzokideontzat, Uliako Lore Baratzak proiektuko kideontzat eta Uliako Mintegien Parkea maitatu, bizi eta defendatzen degun guztiontzat”.
Auzitegiak zehaztu duenez, plan hori aldatzeko beharrezkoa den ingurumen txostenik gabe eraiki nahi ziren etxebizitzak. Hain zuzen ere, epaitegiak arrazoi eman dio puntu horretan, Uliako Lore Baratzak-eko kideek eta parkearen hainbat lagunek ezarritako salaketari.
Horren harira, Uliako Lore Baratzak-eko kideek ondorengo balorazioa egin dute:
– Parkearen alde eta parkean bertan egindako lan guztiaren ondorioa da. Urte hauetan parkea bizirik mantendu, landu, babestu eta gozatu dugun donostiar eta auzokide guztiei zor zaie.
– Epaitegiak aintzat hartu du ingurugiro txostenaren falta. Guretzat, motibo hori eta askoz ere
gehiago daude, birika naturala eta soziala den parke eder hau ez eraisteko.
-Zentzu honetan, orain arte proiektua jarraitu duen udal gobernuari, errekurtsorik jar ez dezan
eskatzen diogu. Parkearen gaineko mehatxua eta eraikuntza plan ero hau behin betiko geldiarazteko
eskatzen diogu Donostiako Alkate eta udal gobernuari.
– Bihotz bihotzez eskerrak eman nahi dizkiogu parkeari bizitza eman dioten hamaika elkarteri,
bertan ekimenak antolatu dituzten guztiei, parkearen mantenua egin, ezagutarazi, ezagutu eta
hamaika moldetan defendatu duten pertsona guztiei.
– Uliako txoko honetatik, mundu guztiari dei egiten diogu euren auzoetan proiektuak eraikitzen
jarraitzeko, agroekologia lantzeko zein hirietan bizigarriak diren guneak eraiki, babestu eta bizitzaz
betetzen jarraitzeko!