Orixeko guraso elkarteak ikastetxearen arazoari 'konponbide erreala' emateko eskatu du
Eneko Goia Donostiako alkateak, berriz, aste honetan adierazi du aldundiarekin hitz egiten ari direla aukera desberdinak aztertzeko.
Orixeko guraso elkarteak esan du eztabaida ezin dela Santa Teresa eraikinaren lagapenera mugatu. Bi proposamen jasotzen dituzte oharrean: “Egin beharreko inbertsioa oso handia izan beharko litzatekeen arren, bere egunean ikastolaren egoitza izan zen Kanpandegi kaleko eraikina eraberritzetik ere etor liteke konponbidea. Beste aukera bat da, Bretxako Arraindegi eraikinean Osakideratzen eta kirol kantxaren erabilerara bideratuko diren eremuen gainerako espazioak Orixerentzat izatea”.
Hurrengo urteetan arazoa hazi egingo dela gogoratu du guraso elkarteak, adin txikieneko ikasmailetan dauden haur kopurua ikasmaila zaharrenetan dauden kopurua baino handiagoa delako. Hori dela eta, arazoaren aurrean erakundeei arduraz jokatzeko eskatu diete.
Parte Zaharreko hezkuntza publikoak duen baliabide faltaren arazoari “seriotasunez heldu” eta irtenbidea emateko eskatu du Orixeko guraso elkarteak ohar baten bidez. Espazio faltarekin eta ikasleekin pilaketarekin kezkatuta daude, eta ezinegona adierazi dute arazoari erakundeek irtenbidea aurkitzeko agertzen duten interes faltagatik.
Eskaera zehatza luzatu diote Donostiako Udalari, Gipuzkoako Aldundiari eta Hezkuntza Sailari: “Egunero ehunka haurrek jasan behar duten espazio faltaren arazo larriari behin betiko konponbide erreala eskaini diezaiotela”.
Guraso elkarteak azaldu du, aste honetan Gipuzkoako Batzar Nagusietan adierazpena onartu dutela Orixe ikastetxearentzat konponbide bat bila dezaten erakunde ezberdinei mahai bat eratzea eskatuz. Horren harira, Denis Itxaso Kultura diputatuak adierazi zuen Santa Teresa eraikinaren 120 metro karratuko espazio bat Orixeren erabilerara bideratzeko prest zegoela. “Ikastetxearen beharrak asetzeko leihorik eta aireztapenik gabeko 120 metro karratuko gela bat ez da nahikoa”, esan du guraso elkarteak.
Pasa den astean, ordea, aldundiak Santa Teresa eraikina Euskadiko Arkitektura Garaikideari eskaini zion.