Erraustegiaren aurkako II. Barraskilo Operazioa prestatu dute
Erraustegiaren aurkako mugimenduak II. Barraskilo Operazioa antolatu du ostegunerako, hilaren 26rako.
Karabana 18:00tan abiatuko da Decathlonetik eta Lasarte, Zizurkil, Villabona, Andoain, Urnieta, Hernani, Añorga eta Antigua zeharkatuko ditu.
Erraustegia egiteko lanak berehala bertan behera uztea eskatuko dute: “Borondate politikoa eskatzen diogu hondakinen gaiari irtenbide
merkeago eta justuago bat emateko. Norabide horretan, ausardiaz jokatzeko deia luzatzen diegu
bultzatzailei eta interes pribatu eta partikularrak alde batera utzi eta gipuzkoarrontzat
komenigarriagoak diren neurriak hartzera gonbidatzen ditugu”.
Hondakinen aferan alternatiba bat badagoela uste du mugimenduak: “Herri askotan aurrera eramaten ari da eta bataz beste %70eko gaikako bilketa lortzen da, udalerri batzuetan %90era ere iritsiz. Dinamika horretan azken udalerri batzuk batu dira, Urretxu (EAJ) eta Zumarraga (PSOE), kasu. Bi herri hauetan alderdi guztien adostasunarekin gaikako bilketako %45 estandar batetik %70era pasatu dira hondakin bilketan aldaketak eginaz eta eraginkortasunera joaz txipdun edukiontzi grisa, astean bi irekierarekin, aldaketa egina”.
Aldaketa “txiki” batzuek berehalako emaitzak ekarri dituztela uste dute: “Denetan
interesgarriena hiru alderdi nagusien artean (PSOE, EAJ eta EH Bildu) adostasuna lortu dutela izan da. Alternatiba martxan da Gipuzkoako zati batean, eta mugimendutik eskatzen diegu ausardia politikoz jokatu eta neurri eraginkor horiek Gipuzkoa osora zabaltzeko, batez ere biztanle askoko guneetara. Neurri eraginkor horiek probintzi guztian zabalduta errefuxa tonak asko murriztuko lirateke eta erraustegi garesti eta toxikoa ezereztatuko lukete, bide merkeago eta osasuntsuagoak ahalbidetuz”.
Bigarren Barraskilo Operazioan horixe aldarrikatu nahi dutela nabarmendu dute, alternatiba badagoela, egingarria dela eta gainera merkeagoa eta osasun bermeak errespetatzen dituela.
Herritarrei II. Barraskilo Operazioan parte hartzeko deia egin diete, baita etorkizunean etorriko diren mobilizazioetan ere.