Eneko Goia alkateak eta Duñike Agirrezabalakaga partaidetza zinegotziak eman dute prozesuaren hasieraren berri. (Argazkia: Donostiako Udala)
Gaurtik aurrera, erroldatuta dauden donostiar guztiek proposamenak aurkeztu ahal izango dituzte Urrezko Danborra aukeratzeko. Herritarrekin batera, elkarte, fundazio, kirol elkarte eta Donostiako Udaleko udal taldeek ere hautagaiak aurkeztu ditzakete. Hautagaiak aurkezteko epea azaroaren 5ean bukatuko da.
Proposamenak udalaren webgunearen bidez egin daitezke, Udalinfoko bulegoetan (Altza, Easo, Morlans eta Udaletxeko bulegoetan) eta Herri Partaidetzako Easoko bulegoan.
Azaroaren 6tik 17ra Idazkaritza orokorrak eta Herri Partaidetza sailak proposamenak aztertuko dituzte eta txostena egingo dute. Txosten hori Udalaren Bozeramaileen Batzordera bidaliko da. Batzorde horrek 3 eta 5 hautagaitza aukeratuko ditu azaroaren 20 eta 23 bitartean.
Hurrengo bost eguntean, hau da, azaroaren 24 eta 29 bitartean, Donostiako Udala aukeratutako hautagaiekin harremanetan jarriko da Urrezko Danborrarako hautagai izateko borondatea ezagutzeko.
Azkenik, hautagaitza saritua abenduan jakinaraziko dute. Horretarako, herri-bozketa egingo da abenduaren 11tik 17ra. Behin bozketa amaituta eta prozesua egiaztatuta, hautagai irabazlearen izena argitaratuko da, eta abenduaren amaieran udalbatzak irabazlea berretsiko du.