II. Mikroantzerki maratoian parte hartzeko deialdia zabalik da
Kontadores Zentroak antolatu du; proiektuak aurkezteko epea itxiko dute azaroaren 17an.
Kontadores Gazte Zentroak II. Mikroantzerki Maratoia antolatu du. Proiektuaren helburua da bultzatzea hemengo gazte izaerako zein formatu txikiko antzerki amateurra. Aldi berean, maratoiak parte hartzaile gazteak motibatu nahi ditu beraien sormen prozesuan aurrera egiteko, eta baita euren kultur ekoizpenaren hedapena bultzatzeko ere. Bestalde, elkargune honek hiriko kultur eragileen arteko elkarlana sustatu nahi du.
II. Mikroantzerki Maratoian parte hartzeko izen ematea urriaren 24tik azaroaren 17ra arte egongo da zabalik. Oinarriak eta izena emateko orria kontsultatu eta deskargatu ahal da Kontadoresen eta Donostiako Udaleko Gazteria Sailaren webgunean.
Epaimahaiak hiru pieza hautatuko ditu, eta erabakia azaroaren 24an argitaratuko da. Aukeratutako lanek laguntza ekonomikoa jasoko dute eta II. Mikroantzerki Maratoian aurkeztuko dira, Kontadores Zentroan, abenduaren 16an.