Intxaurrondon dago PIZTU! programa otsailetik; orain, abian jarriko dute Amaran eta Benta Berrin.
PIZTU! programaren aurkezpena. (Argazkia: Donostiako Udala)
Donostia Kirola, Osakidetzako Donostialdeko ESI-k eta Osasun Publiko eta Adikzioetako Zuzendariordetzak PIZTU! programa abian jarri zuten otsailean Intxaurrondon, modu esperimentalean,
pertsona ez aktiboei zuzendutako jarduera fisikoko preskripzioa, orientazio eta aholkularitza zerbitzua eskaintzeko. Hortaz, helburu nagusia da pertsona sedentarioengan kirol ohiturak sortzea, euren osasuna eta bizi kalitatea hobetzeko.
Aholkularitza zerbitzu hori
doakoa da, eta
udal kiroldegietan kokatzen da. Instalazio hauetan, Osasun Zentroko medikuek jarduera fisikoa egiteko preskripzioa, kirol errezeta moduko bat ematen diete erabiltzaileei. Errezeta horrekin kiroldegira hurbiltzen diren pertsonak (aurretiko hitzorduarekin)
monitore batek artatzen ditu eta lau asterako plan bat egiten die, bere nahiak eta ezaugarriak kontuan hartuta. Lau aste buruan, berriro berarekin biltzen da eta, epe horretan sor daitezkeen zalantzak eta eragozpenak argitzeaz gain, hurrengo hamabi hilabeteetarako plana egiten diote. Bosgarren eta hamabigarren hilabeteetan ere bere jarduera fisikoaren mailaren jarraipena egiten du ere monitore honek.
Intxaurrondon, 156 erabiltzaile
Intxaurrondon azken hilabete hauetan garatu den esperientziak oso ondo baloratu dute programa hau bultzatzen duten hiru erakundeek. Zehazki, 156 pertsonak jaso dute kirol errezeta hau, eta horietatik %32 (49 pertsona, 26 gizon eta 23 emakume) kiroldegira bertaratu dira kirol praktikarekin hasteko aholkularitza jasotzeko.
Pertsona sedentario horien %75 50 urte baino gehiago dute, eta obesitate, min artikular, hipertentsio edo diabetes arazoak dituzte, beste patologien batzuen artean.
Arrakasta ikusita, programa beste bi auzotara zabaltzea erabaki dute: Amara eta Benta Berri (Antigua). Beraz, jada Amarako Osasun Zentroko medikuek
Paco Yoldi kiroldegira bideratuko dituzte jarduera fisikoa egitea behar duten pertsonak, eta Antiguako Osasun Zentrokoek
Benta Berri kiroldegira bidaliko dituzte, bertan Donostia Kirola-ko teknikari adituak artatuko dituzte.