Kepa Korta: "Herritarren inkestak erakusten du gizarte zentzuduna dugula"
Hemezortzi urte daramatza lanean Kepa Kortak (Ordizia, 1958), Donostiako Estrategia Bulegoan. Pasa den ekainean, Herritarren Pertzepzioaren inkesta egin zuten, hiriaren inguruko iritzia ezagutzeko.
Kepa Korta; Donostiako Estrategia Bulegoko zuzendaria.
Herritarren Pertzepzioari buruzko inkesta egin zuen ekainean Datakey institutuak, Donostiako Estrategia Bulegoak eskatuta. Hirian bizi diren 16 eta 74 urte arteko 620 pertsonari telefono bidez egin zitzaien galdeketa.
Donostiak nota ona jaso du herritarren partetik –10tik 8,5 bataz beste–. Zein da egiten duzuen irakurketa?
Datuek erakusten dute jendea pozik dagoela. 2006an eta 2008an egin genituen beste bi inkesta orokorretan ere nota altua jaso zuen hiriak. Hori ona da, baina arazo bat ere bada guretzako. Askotan esaten dut, mugitu egin behar garela leku berean jarraitzeko. Ondo dagoenak ez du aldaketa beharrik ikusten. Mundua dagoen bezala, guk mugitu behar dugu leku berean jarraitzeko. Arazorik handiena da jendea ondo dagoenean aldaketa beharrik ez duela ikusten, eta aldaketak egitea beharrezkoa da hobera egiteko.
Bi zatitan bereizi dituzue inkestaren emaitzak. Zergatik?
Inkesta bakarra izan arren, herritarrei galdetu zaiena bi multzotan banatu dugu. Lehen zatia Europa mailako Urban Audit inkestarekin loturikoa da. Bigarrena, berriz, berezitua da eta Donostiako gaiekin lotura zuzenagoa du. Halere, inkesta modu orokorrean egin genuen. Urban Audit inkestarekin alderatuta Donostia 38. postuan dago 88tik. Etxebizitzaren arazoak baldintzatu du hiriaren posizioa. Izan ere, gai horretan azken postuan dago Donostia. Guretzat garrantzitsua da konparaketa, jakiteko hiri gisa non gauden.
Hirian lasaitasunez bizi dira herritarrak, datuen arabera.
Bai, horrela da. Azken batean, inkestarekin lortu nahi duguna da hiria kualitatiboki nola dagoen jakitea. Datu objektiboak eta kuantitatiboak ditugu, baina inkestak esaten digu jendea gustura dagoela. Gizarte-kohesioa handia eta orekatua bada, segurtasun arazoak gutxiago dira. Herritarrek duten pertzepzioaren arabera, gure gizartean desberdintasuna ez da handia.Donostiaren kasuan, datuak desberdinak dira hiria orokorrean edo auzoka hartzen badugu. Azken datuek erakutsi digute herritarrak hobeto bizi direla auzoetan.
Herritarren gogobetetze maila eta beste herritarrekiko konfiantza ere altua dela azaleratzen du inkestak. Datu pozgarriak dira?
Oso faktore garrantzitsua da konfiantza. Beraz, datu onak dira horiek. Proiektuak aurrera eramateko erraztasuna ematen dizu horrek. Konfiantzarekin errazagoa da. Horren atzetik dauden baloreak ere ezinbestekoak dira. Beste kontu bat da nola kudeatzen dugun konfiantza hori. Gizarte inklusibo bat behar dugu, eta ez esklusiboa. Hitzarmen bat lantzen ari gara bide horretan, Donostian inklusioa bermatzeko. Erakunde, eragile eta sektore desberdinekin ari gara lanean. Gizarte bat ez da egokia guztientzako ez bada.
Ordea, etorkinekiko dugun pertzepzioa hobetu behar dela azpimarratu zenuen inkestaren aurkezpenean. Zergatik?
Etorkizunari begira arazo bat dugu demografiaren ikuspegitik. Populazioa zahartzen ari da, eta gazteak falta dira. Herri dinamiko bat izateko gazteak ezinbestekoak dira. Arazoari aurre egiteko bi modu ikusten ditugu: jaiotze tasa handituta eta etorkinekin. Jaiotzen arazoari buelta emateko ez dugu denborarik. Hortaz, hurrengo urteetan etorkinak beharko ditugu. Horretarako, atzerritarren inklusioa bermatu behar dugu. Gauzak ondo egiten ez baditugu arazoak izango ditugu. Aldiz, ondo eginez gero gizarte dinamikoagoa izango dugu.
Turismo kopurua mugara ez dela iritsi diote herritarrek, %56arekin. Beraz, turismoaren aferaren aurrean herritarren iritzia bestelakoa da?
Inkestan parte hartu duten gehienek horrela uste duten arren, %39 ez da iritzi berekoa. Kopuru handia da hori ere. Turismoak eztabaida eta kezka sortzen duela agerian uzten dute datuek. Kontuan hartu beharrekoa da.
Herritarren %71a ez dago ados udalaren baliabideak zezenketak egitera bideratzearekin. Horrek agerian uzten du gaiaren inguruko galdeketa behar dela?
Inkestako galderak ez du jasotzen jendeak zer pentsatzen duen zezenketen inguruan. Gehiengo handi batek esan du udalak ez dituela baliabide publikoak jarri behar zezenketetarako. Aldekoak ere badira, noski, eta beraz, aztertu beharrekoa da.
Parte-hartzearen inguruan, hiru elkarrizketatutik bik ez du udal gaietan parte hartzeko asmorik. Kezkagarria da hori?
Askotan aipatzen ditugu parte hartze prozesuak, eta herritarren iritziak ez dira baikorrak. Nahiko zenuke udal gaietan parte hartu? %71ak ezetz dio. Baina datu inportanteena beste galdera baten erantzuna da. Interesik duzu udal gaietan parte hartzeko? Bakarrik %31ak eman du baiezkoa. Hau da partaidetzaren gaiak hirian duen argazkia. Pentsatu behar dugu jendea oso urruti dagoela, eta zati handi batek ez duela gerturatu nahi ere. Errealitate hori garrantzitsua da hausnarketa bat egin eta egoerari buelta emateko. Herritarrengana iristeko bide berriak topatu behar ditugu administrazioan. Baliabideak hobetu behar ditugu, eta horren alde lan egin.
Herritarren erdiak, berriz, ez du ezagutzen zeintzuk diren parte hartzeko moduak.
Aurreko datuak dioen moduan, herritarren gehiengoak interesik ez badu, modu horiek ez ditu ezagutuko. Bistan da udaletik bideratzen diren tresnak ez dituztela erabiltzen. Beraz, begiratu eta aztertu behar da. Egungo komunikazio sistemak ez badu balio, berriak pentsatu behar ditugu. Adin tarte desberdinengana iristeko modua topatu behar dugu.
Euskararen normalizazioaren inguruko galdera ere jasotzen du inkestak. Herritarren iritzia desberdina da, ezta?
Bai, %54ak uste du euskararen normalizazioa hobetu dela, %43ak berdin dagoela, %4ak txartu dela eta %9ak ez dute erantzun. Orokorrean datu ona da, baina euskararen erabilera da erronka nagusia. Hizkuntza politikak indartu behar dira erabilera bultzatzeko. Esfortzu handia egin behar dugula argi dago. Belaunaldi aldaketak datoz, eta ezinbestekoa da. Hortaz, erronkari ez badiogu heltzen eta estrategia bat diseinatzen, ez dugu lortuko.
Hiriaren etorkizuneko proiektuen garrantziaz galdetuta, hiru dira herritarrek azpimarratu dituztenak. Etxebizitza da aurrenekoa.
Etorkizuneko erronka handiena etxebizitzarena da. Konpontzeko arazo zaila da. Estrategia desberdinak egin dira, eta ez da irtenbiderik lortu. Etxebizitzaren errealitatea datutan jaso behar da, hausnarketa baterako eta estrategia bat garatzeko. Hau da, Donostiaren egoera ez badugu datuetara ekartzen, soluzioa topatzea zaila izango da. Gizartean oso barneratua dago gaia. Etxeen prezio altua, alokairuen prezioa, gentrifikazio prozesu batean gauden sentsazioa… Gaiari serio heldu behar diogu irtenbideak topatzeko, baldin badaude.
Bigarrena, berrikuntza eta ikerketa-enpresak dira.
2003ko Plan Estrategikoan berrikuntza enpresen sektorean sartzeko apustua egin zen. Krisialdiaren garaian bizi arren, Donostiak badu bere irudian honekin lotura, baina ez dugu askotan erabiltzen. Azken hamabost urteetan egindako lan ona ez dugu ezagutzen, eta sektorea nabarmen handitu da. Ikerketari dagokionez ere, aurrerapausoak eman dira gurean nano, bio, neuro eta IKT sektoreetan. Aurrera begira egitasmo berriak daude berrikuntzaren eta ikerketaren alorrean. Herritarrak horrekin ados daudela erakusten du inkestak. Gazteak hemen geratzea nahi badugu enplegu kualitatiboak behar ditugu.
Hirugarrena, berriz, klima aldaketa da. Donostiako Udalak helburu batzuk bete beharko ditu, ezta?
Abian dugu Klima aldaketa 2050 estrategia, eta oso garrantzitsua da gaiari nola erantzuten diogun. Etorkizunean itsaso mailaren eta tenperaturen igoerak ezagutuko ditugu, eta aurre egiteko prest egon behar dugu. Lanketa bat egina dago horren inguruan eta estrategia bat definitzen ari dira. Gizarteak ados egon behar du proposatuko diren ekimenak aurrera eramateko. Parisko bileraren ondoren, helburu batzuk daude zehaztuta. 2030erako %40 jaitsi beharko ditugu karbono dioxidoaren emisioak, eta 2050erako %80-95 artean. Lehen helburua betetzeko epea berehala dator. Esaterako, Suediak eta Herbehereek neurri bat adostu dute 2025erako gasolina eta diesela erabiltzen duten kotxeen salmenta debekatzeko.
Eredua aldatu behar dugu, derrigorrez bete beharreko helburu batzuk ditugulako. Hala nola, mugikortasuna eta hondakinen sistema. Ekonomia zirkularraren alde egin behar dugu, berrerabiltze politikarekin. Horrela, beste kontzeptu batzuk sartu behar dira gizartean, eta pertsonak konturatzea aldaketak onartu behar direla.
Inkesta oso baliagarria da udalarentzako?
Udalarentzako ez ezik, gizartearentzako ere garrantzitsua da egin dugun inkesta. Gure bulegoa udaletik bultzatu zen, baina inkesta baliagarria da ere gizartearentzako eta beste sektore guztientzako. Udaleko plan estrategikoa egiteko tresna garrantzitsua da inkesta, baina hori sektore guztiekin adosten da. Herritarren pertzepzioa garrantzitsua da politika berriak abian jartzeko. Gure kasuan, jendea gauza batzuekin ados dago eta beste batzuekin ez. Herritarren inkestak erakusten du gizarte zentzuduna dugula.
Donostiako Estrategia Bulegoa noiz hasi zen lanean?
2001ean sortu zen, eta 2003an Donostiako Plan Estrategiko berri bat lantzen hasi ginen sektore desberdinekin. Batzar bat egin genuen, plan estrategiko bat sortzeko. Odon Elorza alkatea zenean, udalak proposatu zuen bulegoa sortzea. Tekniko bat aukeratu zuten, eta ni sartu nintzen.
Bulegoaren hasierako helburua zen plan estrategikoa abian jartzea. Gizarte kontseilu bat osatu behar izan zen Donostian, eta bulegoa bere konpetentzia da. Gure lana egiten da udalarekin eta beste eragileekin. Guk egiten duguna da diagnostiko bat, zein herri dugun, zein tendentzia, zein gauzak hobetu daitezkeen eta zer gertatzen da egiten ez bada.
Uztailean eguneratu zenuten Donostia 2020 Estrategia. Nahi baino beranduago, ezta?
Plan estrategikoa 2010ean onartu zen, eta eguneratzeko prozesu bat egiten da hamarraldiaren erdialdean. Ordea, gobernu aldaketa eman zen hirian, eta azkenik 2017ko uztailean bukatu genuen. Prozesuan alderdi politiko guztiek eta eragile askok parte hartu zuten. Ondorio gisara, azken ikuspegiak orekatua den hiri bat erakusten digu. Era berean, lau ildo estrategiko definitu dira: kohesio soziala, etorkizuneko ekonomia, ingurumen-estrategia eta klima-aldaketa, eta bizi-kalitatea.
Noiz hasiko zarete hurrengo plan estrategikoa lantzen?
2018an abiatuko dugu hurrengo hamarkadako plan estrategikoaren lanketa. Aldaketa izugarriak datoz eta prest egon behar dugu, alor desberdinetan. Esaterako, teknologia aldetik, kotxe automatikoak ugarituko dira eta mugikortasun sistema egokitu beharko dugu. Bada ikerketa estatubatuar bat dioena, kotxe pribatuak asko gutxituko direla esaten duena. Orduan zer egingo dugu hiriko aparkalekuekin?