Metroaren aurkako mobilizazioak deitu ditu Satorralaiak
Azaroaren 4an protesta martxa egingo dute Antiguan, eta 18an manifestazioa
Satorralaia bizilagunen mugimenduak hainbat mobilizazio iragarri ditu datozen asteetarako. Agerraldia egin dute gaur Easoko tren geltokiaren aurrean, deialdien berri emateko. Donostian metroaren obrak berehala hasteko Eusko Jaurlaritzak agertu duen asmoari ahalik eta herri mobilizazio indartsuenarekin erantzuteko unea dela azpimarratu dute.
Urriaren 31n, asteartea, Garraio publikoa hobetzeko proposamen alternatiboak mahai-ingurua egingo dute Koldo Mitxelena Kulturunean. 19:00etan izango da, eta lau hizlarik parte hartuko dute: Armando Cuenca (Iruñeko Mugikortasun zinegotzia), Ayem Oskoz (EH Bilduren zinegotzia Donostian), Josu Iribar (DBus-eko gidaria eta Kurpil langile elkarteko kidea) eta Iñigo Galdeano (Hirigintzan doktorea).
Azaroaren 4an, berriz, protesta martxa egingo dute Antiguan, 12:00etan. Benta Berriko kiroldegitik abiatu eta metroaren proiektuak auzoan eragingo dituen inguruetara egingo da. Gaskuña plazan bukatuko da. Martxa zaratatsua izateko deia luzatu dute.
Azaroaren 18an, Inposaketarik ez! Stop metroari lelopean manifestazioa egingo dute 17:00etan, Antiguatik Bulebarrera. Ibilbide osoa egin nahi ez dutenek, Artzai Onaren parean manifestazioarekin bat egiteko aukera izango dutela esan dute, 17:45ean.
Azkenik, batzar irekiak egingo dituzte azaroaren 2an Antiguako Betan Berriko plazan (19:00), eta 6an Amarako Larramendi kaleko eskoletan (19:00).