Niña Coyote eta Chico Tornadoren kontzertu berezia, Dabadaban
Datorren asteartean, hilak 31, emanaldi berezia eskainiko du Niña Coyote eta Chico Tornado bikoteak Egiako Dabadaba aretoan. Eate diskoaren biraren azken txanpan sarturik daude, eta denbora batean hirian eskainiko duten azken kontzertua da.
«Normalean egiten dugun errepertorioa baino luzeagoa eskainiko dugu», dio Koldo Soret gitarra jotzaile eta abeslariak. Bandaren diskografiako abestiekin batera, beste batzuk ere joko dituzte. «Argiztapen berezia izango du kontzertuak eta proiekzioak egongo dira». Gonbidatuak ere izango dituzte Dabadaban. «Fermin Muguruza eta Zigor DZ ariko dira gurekin kantu batzuetan».
80 kontzertutik gora eman ditu bikoteak munduan zehar. «Milaka kilometro egin eta 30 hegalditik gora hartu ditugu, urtebetean», azpimarratu du Soretek. Euskal Herrian ez ezik, Errusian, AEBetan, Mexikon, Japonian eta Txilen izan dira jotzen. «Sekulako esperientzia izan da bizitakoa. Beti izan dugu jendea kontzertuetan, eta gozamena handia izan da».
Asko dira eskaini dituzten kontzertu hunkigarriak. «Bereziena Cancun hirian eskainitakoa izan zen. Ayotzinapako desagertuen alde egin genuen senitartekoz inguratuta. Kalean ilegalki jo genuen poliziaz inguraturik», azaldu du Soretek.
Donostiako kontzertuaren ondoren, beste hiru eskainiko dituzte azaroan birari bukaera emateko. Gasteizen, Castellonen eta Bartzelonan izango dira.


