Turismo eskuragarria izan dute hizketagai
Turismo Eskuragarria negozio-aukera bezala izeneko jardunaldia egin dute, Donostiako CEBANCeko egoitzan. CEBANC-CDEA formazio zentroak, Errotu enpresak (inguru terapeutiko pertsonalizatuen diseinurako arkitektura) eta Hotel Advisor Consulting-ek (hotelen kudeaketa, aholkularitza eta komertzializazioa) parte hartu dute bertan. Asmoa izan da Growmat Growing the market in accesible tourism (2016-2019) Europako proiektuaren praktika onak plazaratzea. CEBANC da Growmat egitasmoaren partaideetako bat, Ingalaterra, Eslovenia, Belgika, Finlandia eta Greziako beste hainbat formazio zentrorekin batera.
Turismo eskuragarria turismo inklusibo gisa definitu dute, barne hartzen baititu mugikortasun, entzumen, ikusmen, ulermen edo adimen desgaitasuna duten pertsonak, baina baita desgaitasun psikosozialak eta aldi baterako desgaitasuna dutenak eta adin aurreratuko pertsonak ere. Hala, Growmat egitasmoaren helburua hirukoitza da: turismo eskuragarriaren formazio jarduerak antolatzea, sasoitik kanpoko turismoa sustatzeko aukera berriak bultzatzea eta kooperazio sareak eratzea hezkuntzaren, negozioaren, GKEen eta enpresa sozialen artean.


