Donostiako turismoa izango dute hizketagai Guneak Zabaltzen egitasmoaren bigarren topaketetan
Guneak Zabaltzen egitasmo herritarrak, hiriko hainbat eragile eta elkarterekin batera, aurtengo bigarren Gune Irekia antolatu du. Donostiako turismoa izango dute hizketagai larunbatean 11:00etatik aurrera Aitor ikastolan egingo duten topaketetan.
Herritar anitzez osatutako gune bat sortu nahi dute, horrela, “normalean aurkitzen ez diren ikuspuntuen arteko elkarrizketak gerta daitezen”.
“Donostiarekiko kezka sakonetik jaiotzen da Guneak Zabaltzen egitasmoa”, azaldu dute: “Gure hiria erabat eraldatzen ari diren aldaketak ikusten ari gara, eta aldaketa hauek gero eta azkarragoak dira. Ezinegon eta ardura hauetatik abiatuta, topaketa bat proposatzen dugu bizi garen hiria elkarrekin sortu eta hobetzeko ideiak ekartzeko, esperientziak partekatzea, hausnartu eta horiek martxan jartzeko”. Topaketen helburua “elkarrizketa demokratikoaren kultura” berreskuratzea dela azpimarratu dute.
Topaketaren metodoa Gune Irekia edo Open Space Technology izango dela azaldu dute, “auto-antolaketan oinarritutako elkarrizketa publikoko metodoa”. Eguneko agenda parte hartzaileen nahi eta erantzukizunarekin sostengatutako proposamenekin osatzen da: “Gaiak topaketa irekitzeko zirkulu orokorrean jasotzen dira eta gero txoko eta ordutegi tarte desberdinetan lantzera pasatzen da”.
Ekitaldi hau “jendearengandik eta jendearentzat” izatea nahi dute eta nahi duen orori parte hartzeko deia luzatu diote.