Astiñeneko zubiaz hitz egin dute udal ordezkariek auzo elkarteekin
Joan den astean komunikabideei esandakoa baieztatu zien Diezek; lehenengo faseak 133.000 euroko aurrekontua izango duela, eta abendurako edo urtarrila hasierarako zubia konponduta irekitzea espero dutela, oinezko, bizikleta eta motoentzako. Ondoren, bigarren fasearen txanda izango litzateke, luzeagoa, eta uztailerako zirkulazio guztiarentzako irekitzea aurreikusten dute. Hurrengo pausoa zubi berria eraikitzeko baimen guztiak bideratzea litzateke, eta, ondorioz, zubi berria 2020rako bukatua egotea dute helburu.
Orain arteko informazio ezaren harira, protestak egin dituzte Loiolako bizilagunek, eta gaiaren inguruko erreportaje zabala argitaratu genuen duela bi aste: Batetik bestera joan ezinik.
Aspaldian kexu ziren Loiolako auzo elkarteko kideak, informazio falta zutelako udalaren aldetik, abuztuan Astiñeneko zubia itxi zutenetik. “Jasotzen dugun informazioa, guztia da komunikabideetatik”, adierazi dio maiz Loiolako auzo elkarteko Igor Alonsok IRUTXULOKO HITZAri.
Joan den astean Donostiako Udalaren deia jaso zuten Loiolako, Egiako, Martuteneko, Txomin Eneako eta Loiolako Erriberako auzo elkarteek, bilera bat egiteko. Horrela bada, astelehen arratsaldean elkartu ziren elkarteetako ordezkariak Miguel Angel Diezekin, Mantentze Lanetako eta Bide Publikoetako zinegotziarekin, eta bi teknikarirekin.
“Barkamena eskatu zigun Miguel Angelek, udalak orain arte izandako jarrerarengatik”, dio Loiolako auzo elkarteko Joxemi Aierbek, baina hori ez dela nahikoa uste du.