R-eboluzioa sortu dute sexu erasoak jasotako 50 emakume inguruk
Kaleratua izan zen gizon donostiar bat Sortutik eta Donostiako Piraten mugimendutik, uztailean. Argudiatu zutenez, gertaeren arrazoia izan zen gizon hark engainatu egin zituela hainbat emakume eta sexu erasoak jaso zituztela. Hilabeteak igaro dira lehen salaketak azaleratu zirenetik, eta pixkanaka gero eta gehiago izan zirela engainatuak konturatu dira. Orain, erasoak jasandako 50 emakume inguruk elkartzea erabaki dute, eta R-eboluzioa taldea sortu dute: “Urteetan hainbat neskek erasoak jaso ditugu pertsona berarengatik. Bere boterea erabiliz, engainua eta presioa jaso ditugu. Lagun bati edo militante bati egin genion fabore pertsonal bat zela pentsatzen genuen…. baina ez”, diote zabaldutako oharrean.
Eskutitzean azaltzen dute eurentzat ez dela batere erraza izan erasotuak izan direla onartu eta bitartekarien bidez salatzea; eta, amorruz diote oraindik ere erasotuak izandako emakume askok lotsa eta errua sentitzen dituztela. Horrela, erabaki dute erasoen aurrean jarrera aktiboa izatea: “Gertatutako kontatzeko beharra daukagu, gure hitzekin gizarteratzeko. Ez dugu zurrumurru gehiago entzun nahi, ez dugu gure intimitatea urratuta ikusi nahi. Argi geratu dadila erasotzailea izan dela guzti honen errudun bakarra!”.
Gainera, oharrean diote badakitela emakume gehiago izan direla kaltetuak eta ez dutela salaketarik jarri. Horregatik, posta elektroniko bat zabaldu dute, erasotuak izandako horiek beraiekin harremanetan jar daitezen: r.eboluzioa@gmail.com.