Elkarretaratze bat egin du LABek Kursaal kanpoaldean, Eusko Jaurlaritzaren eredua prekarietatean oinarritzen dela salatzeko eta industriaren aldeko "benetako apusturik" ez duela egiten ohartarazteko.
Beste industria politika bat aldarrikatu dute Kursaalen. (Argazkia: LAB)
Elkarretaratze bat egin du LABek Kursaal kanpoaldean, Eusko Jaurlaritzaren eredua prekarietatean oinarritzen dela salatzeko eta industriaren aldeko “benetako apusturik” ez duela egiten ohartarazteko. Mobilizazioa Basque Industry 4.0. kongresua egiten zuten bitartean gauzatu dute.
Zuen eredua Prekarietatea 4, Industria 0 eta
Kea saltzen ari zarete, gezurrik ez! leloekin egin dute protesta.
General Electric, Gamesa Siemens, Arcelor Mittal, CEL, Edesa Industrial, Xey eta beste hainbat enpresetako langileak hurbildu dira protestara, eta LABeko Industria federazioko kide Zorion Ortigosak hartu du hitza, Kursaal aurrean: “Salatu nahi dugu propaganda honen guztiaren atzean dagoen industriaren benetako errealitatea oso larria dela. Arduragabekeria itzela da Eusko Jaurlaritza egiten ari dena industriaren egiturazko arazoaren aurrean”.
Ortigosaren arabera, “ekitaldi honekin estali nahi du industriaren egiturazko desabantaila, ikerkuntza eta garapenean, berrikuntzan, maila teknologikoan. Ekitaldi honekin estali nahi du pertsonetan industriak duen desabantaila (jakintzaren galera gazteak kanpora joanda, prekarietatea). Ekitaldi honekin estali nahi du digitalizazioari, 4.0. eraldaketari herri gisa erantzuteko beharrari, industriaren eraldaketari, bereziki enpresa txiki eta ertainetan”.
Hala, Eusko Jaurlaritzak “ke honekin guztiarekin” zer saldu nahi duen azaldu du Ortigosak:
- “Espainiako lan erreformaren bidez enpresa ehuna txikitzen ari dira multinazionalak, nahi dutena egin dezakete”.
- “Industriak egiturazko arazoak ditu, balio erantsian lehiatu beharrean kostuetan lehiatu nahi duelako, prekarietatearen bidez. Basque izena jarriko diote baina Espainiako eredua da”.
- “Enpresen deslokalizazioak ematen ari dira, eta erabakiguneak kanpora ateratzen ari dira, geroz eta gehiago dira kanpoko fondoen esku dauden enpresak”.
- “Aberastasuna ez da banatzen: inoizko irabazi handienak biltzen ari diren garaietan, lotsagarria da negoziaketa kolektiborako eskubidea industriako langile askorentzat ukatua egotea. Irabaziak eta prekarietatea gora doaz, baina inbertsioak eta aberastasunaren banaketa behera”.
Eztabaida irekia, eragile guztien artean
LABeko ordezkariaren hitzetan, “Eusko Jaurlaritzak, eztabaida publikoari bide eman gabe, gobernuak alde bakarrez hurrengo 5 urteetako industria plana onartu du. Guk uste dugu gauzak beste era batetara egin litezkeela, 10 neurri jasotzen dituen dekalogo bat proposatzen du LABek, frogatzen dutenak, bestelako industria politika bat egingarria dela. Hortaz, Eusko Jaurlaritzari eskatzen diogu bertan behera uzteko multinazionalentzat egin duen bere industria plana, prekarietatea 4, industria 0 plana, eta eztabaida ireki dezala eragile guztien artean”.
Euskal Herriak etorkizunean izan beharreko industriaren eztabaida ematea eragile eta sindikatu guztien parte-hartzearekin beharrezkoa da, “baina ez dago horretarako borondaterik”, erantsi du Ortigosak.