Gure Esku Dago-k galdeketa antolatzen duen lehen hiriburua izango da Donostia
Galdeketa egin ahal izateko hurrengo urratsa sinadura bilketa egitea izango dela azaldu dute. Urtea amaitu aurretik ekingo diote lan horri, eta apirilerako 8.000 bat sinadura biltzeko asmoa dute. Horretarako, urtean zehar hainbat ekitaldi egingo dituzte, herritarren parte hartzea bultzatzeko eta sustatzeko.
Hainbat eragilek eman diote babesa galdeketari. Besteak beste, honakoak: EH Bildu, EAJ, Ahal Dugu, ELA, LAB, Steilas, Realeko jokalari ohi Inaxio Kortabarria, Agustin Gajate eta Dioni Urreisti; Ramon Agirre, Ana Miranda eta Iñake Irastorza aktoreak; Beñat Gaztelumendi bertsolaria, Harkaitz Cano eta Rafa Egiguren idazleak eta Iñaki Egaña historialaria.
Estatus politikoari buruzko galdeketaz arduratuko den taldea aurkeztu du gaur udaletxean Donostiako Gure Esku Dagok alor anitzeko eragileen babesarekin. 2018ko udazkenean egin nahi dute galdeketa eta Donostia izango da galdeketa antolatzen duen lehen hiriburua.