Koparako sailkatzea lortu dute Realaren eta Donostiako Atletikoren belar hockey taldeek; biek ere azken txartela eskuratu dute, zortzigarren postuan sartuta.
Itxaso Sanchez eta Asier Iriarte, Realeko eta Donostiako Atletikoko jokalariak, hurrenez hurren. (Argazkia: Estitxu Zabala)
Atsedenaldi garaian daude Ohorezko Mailako belar hockeyko ligak. Lehen itzuliak bukatuta, zortzigarren postuan bukatu dute bai Realeko emakumezkoen taldeak, bai Donostiako Atletikoko gizonezkoen taldeak ere. Horrela bada, Koparako sailkatzea lortu dute, azken txartelak lortuta, baina batzuen eta besteen errealitateak oso desberdinak dira. Talde bakoitzeko jokalari banak eman digu euren berri:?Itxaso Sanchez (Amara, 1990) eta Asier Iriarte (Gros, 1995).
Burumakur dago Sanchez: «Ona da Koparako sailkatu izana, baina oraintxe ez dugu horretan pentsatzen. Gure helburua iazkoa egitea zen, baina oraingo egoera ez da espero genuena. Gertuago gaude jaitsiera postuetatik, lehenengo lauetatik baino. Oso talde gaztea dugu eta honi buelta ematen saiatuko gara». Iriarte, berriz, oso pozik dago:?«Iaz lortu genuen igoera, denboraldi batez bigarren mailan egon eta gero. Aurten entrenatzaile berria dugu, talde gaztea da gurea eta oso pozik gaude. Hobeto joan zitekeen, baina gatozen lekutik etorrita, oso ongi ari gara».
Santo Tomas Lizeoan hasi zen hockeyan jokatzen Sanchez, hainbat kiroletan ibili ostean, 10 bat urterekin; eta orain artean kirol horretan darrai. Zurriola ikastolan ekin zion Iriartek hockeyari, eta 12 urterekin horixe izan zen aukeratu zuen kirola:?«Irakasle batek Bartzelonako 1992ko Olinpiar Jokoetan urrezko domina lortu zuen, eta uste dut horrek bultzatu zuela hockeya ikastolan». Horrela, kadeteko bigarren urtean sartu zen Realean Sanchez, eta, Iriarte, berriz, haur mailan sartu zen Atletikon, Zurriolan ez zelako talderik atera. Beraz, biek ere badaramatzare urteak eta esperientzia gainean.
Bi taldeetan jokalari oso gazteak dituzte. «26 urte ditut eta bi jokalari bakarrik dira ni baino zaharragoak. Azken urteetan emaitzak nahiko onak izan dira eta horrela jarraitzea gustatuko litzaiguke, baina egia da egoera pixka bat aldatu dela. Gehienak etxekoak gara, eta lau fitxaketa egin ditugu; atezaina Santanderrekoa da, aurrelari bat italiarra, beste bat argentinarra eta Ingalaterrako beste bat», azaldu du Sanchezek. Atletikoren taldea antzekoa da zentzu horretan: «Hiru jokalari daude urteak daramatzatenak, eta 28 eta 34 urte artean dituzte; gero badago beste bat 24 urtekoa eta gainontzekoak gazteagoak gara. Guk hiru fitxaketa ditugu; Alemaniako atezaina, hegoafrikar bat eta argentinar bat. Pixkanaka iritsiko dira emaitza hobeak».
Bakoitzak bere ligaren egoeraren berri ere eman du: «Emakumeen ligan beti aurrean egoten da Club de Campo. Gero, aurten Polo ongi dabil, eta Kataluniako eta Madrilgo beste talde bana ere bai. Gainontzean, oso paretsu gabiltza», dio Sanchezek. «Gurean beti egoten dira talde berak lehenengo lauzpabost postuetan, eta azken bost taldeak oso parekatuak gaude.
Kopa martxoaren 9tik 11ra jokatuko dute, Valentzian, lehenengo aldiz, zelai neutro batean. Sanchezen ustez, beste ukitu bat du Kopak: «Azkenean Kopa txapelketa motz bat da, eta aukera bat da talde guztientzat zerbait lortu ahal izateko. Finalaurrekoetan sar zaitezke partida bakar bat irabazita». Horrela bada, urtero ilusio handiarekin joaten direla dio, eta berdin pentsatzen du Iriartek: «Zozketak asko baldintzatzen du. Lehenengo partida irabazten baduzu, badakizu azken egunean gutxienez domina batengatik borrokatuko duzula. Hamasei talde biltzen gara, eta jende asko». Azken batean, Iriartek nabarmendu du ez dutela ezer ere galtzeko:?«Duela bi urteko Kopako esperientzia izugarria izan zen, gure asteburu onena izan zen. Partida bakarrera goikoek duten presioa handiagoa da. Guk ez dugu ezer ere galtzeko, eta gozatzera joango gara». Hori guztia kontuan izanda, zozketa egin arte ez dutela helburu zehatzik jarriko diote batak zein besteak.
Otsailean itzuliko da liga
Ligako lehen itzulia bukatuta, joan den astean atseden hartu zuten Realean: «Aste honetan areto hockeyan entrenatzen ari gara, Anoetan edo Gaskan aritzen gara. Getxoko Jolasetaren aurka jokatuko dugu, eta irabazten duena Espainiako Txapelketara joango da otsailean». Izan ere, belar hockeyko ligaren bigarren itzulia otsailean itzuliko da: «Bigarren itzulia hastean, lehenengo hiru partidak oso garrantzitsuak izango dira». Atletikok ez du areto hockeyan jokatuko aurten, beraz, belar gainekoa prestatzen jarraituko dute.
Bi taldeek Bera Beran entrenatzen dute belar gainean, eta egoera ez dela onena dio Sanchezek:?«Hockeyak hazi nahi badu, guk beste zelai bat lortu behar dugu». Gainera, zelai osoa izatea oso zaila dela dio Iriartek, gazteekin eta bigarren taldeekin partekatu behar izaten dutelako: «Zelai osoa astean ordubetez bakarrik edukitzen dugu».