2017ko Berdintasunerako Emakunde Saria jasoko du Virginia Imaz (Egia, 1962) klown eta aktoreak, kontzientzia feministagatik eta emakume eta gizonen berdintasun eza ikusarazteagatik .

Virginia Imaz klown eta aktorea. (Argazkia: Lide Ferreira)
Virginia Imaz pailazo profesionala da 1988tik. Besteak beste, Oihulari Klown izeneko antzerki taldearen sortzaileetako bat da. Umorea eta emakumeak elkarrekin joan daitezkeela erakutsi du urteotan, ibilbide oparoa eginez. Berriki jakinarazi dute 2017ko Berdintasunerako Emakunde Saria jasoko duela. Epaimahaiak goraipatu du arte eszenikoen bidez berdintasunaren aldeko sentsibilizazioan 30 urtez egin duen ekarpena. Saria 2018ko apirilean jasoko du, Eusko Jaurlaritzako Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik.
Nola hartu duzu Emakunde Sariaren albistea?
Ezusteko handia izan da, alor honetan jende askok egiten duelako lan, baina izugarrizko pozarekin hartu dut albistea. Sentipena gehiegizkoa izan da, sekulako zirraraldia, eta asko eskertzen dut.
Zure ibilbideaz gain, duzun kontzientzia feministagatik saritu zaituzte.
Orain, kontzientzia feminista orokortuagoa dago, baina ni hasi nintzenean, ia ez zegoen. Askorentzat arriskutsua zen jarrera feminista izatea edo publikoki erakustea, kontratatuak izateko aukerak galtzen genituelako.
Behin, feminista deitu zidaten, irain bat izango balitz bezala. Ez nengoen ziur zer zen, eta erabaki nuen emakume feministen bilera batera joatea. Berehala sentitu nintzen identifikatua. Feminismoari esker, konturatu nintzen arte eszenikoetan lan egiteko nituen zailtasunak ez zirela bakarrik nireak, beste emakume batzuei ere gertatzen zitzaizkiela halakoak. Horrek indarra eman zidan aurrera egin eta borrokatzeko.
Zer da, zure ustez, kontzientzia feminista izatea?
Feminismoaren munduan murgildu nintzenean, ezagutu nuen susmoaren irakurketa. Horrek esan nahi du edozein informazioaren aurrean, susmoa eduki behar dugula. Izan ere, batzuetan, gauza batzuk ziurtzat jotzen dira, baina susmo honi esker, falta diren ahotsak, ordezkatuak ez daudenak, kontuan hartzen ditugu.
Zein izan da zure ibilbidearen unerik politena?
Cirque du Soleil-era joateko hautatua izan nintzen. Amets moduko bat izan zen; nolabaiteko aitortza eta kristoren oparia. Esperientzia horrekin izugarri ikasi nuen. Halere, une oso politak ere bizi izan ditut ospitaleko pailazo gisa. Gaixotasun terminala duen ume bati irribarrea eragiteak erabat gogobetetzen nau.
Eta zailena?
Mespretxu une ugari bizi izan ditut urteotan, bereziki, lan baldintza iraingarriekin lotutakoak. Esaterako, udal bateko Berdintasun sailak kontratatzen banau, nahiz eta hirian edo herrian antzoki bat egon, okerragoak diren espazioetara bideratzen gaituzte. Ni neu eta nire lana gutxiesteaz gain, badirudi datorren publikoa kategoria baxuagokoa dela. Askotan, emakume elkarte batzuk bigarren mailako herritarrak dira.
Etiketak ezabatu dituzu, klown emakumezkoen ofizioa goraipatu duzu… Pozik zaude egindako lanarekin?
Sentipena dut ohorea izan dudala aldaketa garai bat bizitzeko, erronka bati aurre egiteko. Pailazoak zirkutik atera eta emakume pailazoak agertu ziren. 2000. urtean, Andorran, nazioarteko jaialdi bat sortu zuten, emakumeontzako soilik, eta hori izan zen bidea ireki zuenetako bat. Denok elkartzearekin ahaldundu egiten gara.
Emakumezko pailazoak badaude, eta, gainera, proposamen oso interesgarriekin eta gero eta esperientzia gehiagorekin. Falta dena da komunikabide batzuek ikusgarritasun handiagoa ematea egiten ari garen lanari.
Zer da umorea zuretzat?
Arimaren jarrera bat da, eguneroko bizitzan gertatzen diren ezbeharrei aurre egiteko balio duena. Umoreak laguntzen digu tragedia fokutik ateratzen. Ahalbidetzen digu jakitea non gauden eta non gustatuko litzaigukeen egotea.
Zertaz egin dezakegu barre?
Edozertaz. Kontua da, nondik? Geuru baitatik egin behar dugu barre. Hau da, adibidez, inor minduta sentitu ez dadin, nik neure buruaz egiten dut barre, nik publizitatearekin sentitzen dudanaz, eragiten didanaz eta arduratzen nauenaz.
Zer da zure lanetik gehien gustatzen zaizuna?
Zalantzarik gabe, publikoaren barrea. Horretaz gain, inprobisatzerakoan sentitzen dudana ere oso gogoko dut. Lortzen dudanean, plazer eta pribilegio bat da.
Zer behar da klown izateko?
Klown profesionalek bi ezaugarri behar dituzte bereziki: umiltasuna, bizitza osorako bidaia bat delako eta ikasten ez dutelako inoiz amaituko; eta kemen handia, norberaren buruaz barre egin ahal izateko.
Pailazoa izan nahi duen emakume bati, zein gomendio emango zenioke?
Lehenik eta behin, ez sinesteko umorea gizonezkoen gauza dela. Eta, bigarrenik, pailazoa izateko bere edertasuna bilatu behar duela gizarteak ezartzen duenatik harago. Izan ere, emakumeoi erakutsi digute desira objektuak izaten, gizarteak eskatzen duen edertasun eredu baten barruan. Baina bizirik egoteagatik bakarrik jada ederrak gara.
Zer proiektu duzu esku artean?
Nire semea primerako pailazoa da, eta berarekin proiektu batean murgilduta nago. Zientzia eta klown mundua elkartzen ditugu, dauden estereotipoak apurtuz. Bestalde, hizkuntza sexista eta arrazistari buruzko aurre emanaldi bat egin dut dagoeneko:
Comunicando. Bertan, arduratzen nauten gaiei buruz hitz egiten dut. Sortzea plazer bat da niretzat, eta, nahiz eta beti ez ditugun baliabide ekonomiko nahikorik, ideiak ez zaizkit falta. Ez dut uste nire bizitzan ideia guzti horiek garatzeko aukera izango dudanik! [barrez].